Gaurkoan ere danborraden usaina somatuko da Azpeitian nahiz eta betiko sansebastianak ez izan pandemiaren eraginez. Ezohiko eran bada ere, danborrak jotzeko eta entzuteko aukera ezberdinak egongo dira hainbat une eta lekutan.

Hasteko, normalean San Sebastian egunean erdiguneko kaleetan zehar ospatzen den umeen danborrada era berezian egingo da, gaur bertan. Izan ere, Iraurgi, Ikasberri eta Karmelo Etxegarai ikastetxeetako umeek beren eskoletako jolaslekuetan joko dituzte danborrak (15.00etan). Hori bai, koronabirusa dela eta, ateak itxita egingo dituzte danborradak eta gurasoak eta bestelako senideak ezin izango dira bertan egon.

Arratsaldean danbor hotsak Soreasu antzokian entzun ahalko dira, Paola Moto azpeitiarrak zuzendutako Amamaren danborra dokumentalaren aurkezpenean, hain zuzen ere.

Guztira, danbor talde ezberdinetako 40 lagunek parte hartuko dute ikus-entzunezkoa aurkezteko 19.00etan egingo den ekitaldi horretan.

Antzokiko edukiera mugatua denez gonbidatutako herritarrek bakarrik izango dute aretoan egoteko aukera. Hala ere, herritar guztiek aurkezpena eta dokumentalaren emanaldia zuzenean ikusi ahalko dituzte, Erlo telebistan edota Uztarriaren eta Udalaren web guneetan.

Ikastetxeetako patioetan eta Soreasu antzokian ez ezik, Azpeitiko erdigunean zehar ere entzun ahalko dira danbor hotsak gaurko San Sebastian bezperan. Izan ere, Udalak herritar guztiak animatu ditu gauean leiho eta balkoietatik egingo den danborrada berezian parte hartzera.

Balkoietako danborrada berezi hau 23.45ean hasiko da eta 20-25 minutuko iraupena izango du. Herritarrek danborradako doinuak behar bezala jarraitzeko megafonia sistema egokitu du Udalak herriko kale eta plazetan. Beraz, ezohiko eran joko badira ere, Azpeitian pandemian ez ditu danbor hotsak isilaraziko.