- Abenduan zehar era askotako hamahiru ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da Azpeitian. Hainbat elkarte eta eragileren laguntzarekin, Kulturaz kooperatibak ekintzaz betetako egitaraua antolatu du hilabete honetarako.

Kultur programari hasiera emateko zuzeneko musika eta proiekzioa uztartzen dituen Peru Galbeteren Uraren Oldea ikuskizuna egongo da gaur (19.00etan) Dinamoa sormen gunean.

Ostiralean Mikel Urdangarinek bere azken diskoa aurkezteko kontzertua emango du Soreasun (sarrerak agortuta daude) eta larunbatean Gatibu taldeak emanaldi bikoitza eskainiko du leku berean (16.30 eta 19.00etan).

Egitarauarekin jarraiki, Sua taldearen emanaldia izango da hilaren 8an Sanagustinen (19.00etan) eta 13an Bigoterik Gabea konpainiak K-Baret antzerki musikalaren bi saio eskainiko ditu Soreasun (12.00 eta 17.00etan).

Bestalde, abenduaren 17an Node taldearen Emakumeak eta Proyecto Ghu konpainiaren Ghu dantza-piezekin gozatzeko aukera izango da (19.30ean) Dinamoa sormen gunean.

Hurrengo egunean Kukai dantza taldeak Gauekoak ikuskizuna taularatuko du (19.00etan) Soreasuko oholtzan; Sanagustin kulturgunean Ezpalak eta Lemy River musika taldeen kontzertua egongo delarik (sarrerak agortuta daude).

Hilaren 19an Willis Drummond taldeak bere azken lana aurkeztuko du Soreasun (19.00etan); 20an Txapelen omenezko bertso saioa ospatuko da Azpeitiko antzokian (sarrerak agortuta); 23an Zetak taldearen emanaldia izango da Sanagustinen (sarrerak agortuta) eta 25ean Azpeitiko Udal Musika Bandaren Gabon kontzertua egongo da (13.00etan) Soreasun.

Azkenik, Julian Barrenetxea abesbatzak Gabon kontzertua emango du 27an (13.00etan) Soreasun.