- Larunbatean banatu zitutuzten udaletxean Euskaraldiko Azpeitiko batzordeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak martxan dagoen Euskaraldia ariketa sozialaren harira elkarlanean antolatutako bertso paper lehiaketaren sariak.

Gazteei zuzendutako mailan (17 urte artekoentzat) Odei Labiano izan da irabazlea eta helduen mailan (17 urtetik gorakoentzat) Oier Etxeberria. Garaile bakoitzak Bertan Azpeitiko merkatarien establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bono bana eskuratu du sari gisa.

Ekimenaren antolatzaileek udaletxean egindako ekitaldian gogorarazi zutenez, parte-hartzaile bakoitzak "bina bertso idatzi behar izan zituen, Euskaraldia gai hartuta".

Behin lanak aurkezteko epea bukatuta, Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatutako epaimahaia izan da lanik onenak aukeratu dituena.

Eneritz Albizu, Udaleko Euskara zinegotziak, sariak banatzeko ekitaldia baliatu zuen "ekitaldian parte hartu duten guztiei" eskerrak emateko. Era berean, Erniarraitz eta Bertan elkarteek bertso paper sariketa eta Euskaraldia antolatzeko garaian egindako lana eskertu zuen. Hortaz, "bi elkarteek herriarekiko duten jarrera" nabarmendu zuen Albizuk, "garai errazak ez diren arren, edozertan laguntzeko prest egoten direlako beti".

Edonola ere, Odei Labiano eta Oier Etxeberria pozik azaldu ziren Euskaraldiaren bueltan antolatutako lehiaketan lortutako garaipenarekin eta sariak banatzeko ekitaldian bertsoak idazten ez ezik, kantatzen ere badakitela erakutsi zuten.