- Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak egitasmoaren IV. edizioa antolatu du eta musika sortzaileek, musikari berriek eta talde txikiek beren lana ezagutzera emateko plaza izango dute datorren urtean Azpeitian. Sanagustin kulturguneko arkupearen oholtzara igotzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete ekimenean parte hartzeko izena, Kulturaz.eus web gunean eskura dagoen eskaera-orria behar bezala betetzen (ez dago izena emateko epemugarik baina hautaketan kontuan hartuko da izen-emate data).

Aurreko hiru edizioetan bezala, hainbat dira Arkupehotsak egitasmoaren helburuak: “Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea; Azpeitiko, eskualdeko eta Euskal Herri osoko sortzaileen dinamika aktibatzea; euskarazko sorkuntzarako baliabideak jarri eta euskal musikari hedapena ematea; sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea eta inguruko sortzaileak balioan jarri, euren jardunerako tresnak eskainiz”.

Zuzenean ari-tzeko aukeraz gain, Kulturazek emanaldiaren argazki-albuma eta zuzeneko kontzertuaren abesti baten bideoa (hiru kameratara grabatuta eta soinu posprodukzioa eginda) emango dizkio Arkupehotsak ekimenean parte hartzeko aukeratua den talde bakoitzari. Gainera, kultur kooperatibak bere gain hartuko ditu hainbat gastu (kontzerturako ekipamendu osoa, musikarien afaria eta bidaia, emanaldiaren promozioa...).

Hala, hasi berriak diren taldeek edo garapen bidean dauden proiektu musikalek galdu ezin duten aukera dute Azpeitian (edozein zalantzarako yagirre@kulturaz.eus helbidera idatz dezakete). Hori bai, antolatzaileek jakinarazi dute “abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeraketan”.

Kulturaz kooperatibak ondo daki pandemiak eragindako egoera honek lan gehiago ekarriko duela ekimena garatzeko baina Sanagustin kulturguneko arkupea soinu berrien plaza izaten jarraitzea nahi dute eta horregatik Euskal Herri osoko sortzaileak animatu nahi dituzte Arkupehotsak ekimenean parte hartzeko izena ematera.