- Amets Arzallusek Miñan: bizi nahiaren hitzak bere azken liburuari buruz hitz egingo du datorren asteazkenean, hilak 14an, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Izan ere, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatuta, bertsolari, kazetari eta idazlearekin solasaldia izango da Interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita egongo den saio hori 19.00etan hasiko da.

Argitalpen horretan bertsolari ezagunak Ibrahima Balde gazte ginearraren istorioa kontatzen du; jaio zenetik Europara iritsi zen arteko istorio gordina.

Hala, Arzallusek Ibrahima Afrika iparraldetik Euskal Herrira nola eta zergatik iritsi zen azalduko du azkoitiarrekin partekatuko duen agerraldian.

Moderatzaile lanetan Ixabel Jauregi arituko da eta antolatzaileek aurreratu dutenez, saioa "COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuta" egingo da.

Edonola ere, Amets Arzallus ez da datozen asteotan Azkoitian protagonismoa izango duen bertsolari bakarra izango.

Izan ere, Maxixatzenek eta Floreaga ikastetxeak goi mailako bertso jaialdia antolatu dute hilaren 23rako elkarlanean, Udalaren laguntzarekin. Jaialdi hori 22.00etan hasiko da Baztartxo antzokian eta bertan Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi izen eta eskarmentu handiko bertsolariek parte hartuko dute.

Juan Inazio Sudupe salestarrak izango du bertsolariei gaiak proposatzeko ardura eta ikuskizunaz gozatzeko gogoa dutenek emanaldiaren egunean bertan izango dute sarrerak eskuratzeko aukera (sei eurotan) Baztartxoko leihatilan. Hori bai, Maxixatzeneko bazkideek bertso jaialdirako sarrera doanik jaso ahalko dute.