- Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako Udalek Izarraizko bira proiektua gauzatu dute, elkarlanean eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziaren bidez. Mikel Arregi, Javier Zubizarreta eta Nagore Alkorta (Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko alkateak, hurrenez hurren) Azpeitiko Izarraizko Atea parkean elkartu ziren atzo "bailarako herritarrek zein bisitariek naturaz eta aisiaz gozatzeko" jaio den 17,4 kilometroko ibilbide zirkular berria (PR-Gi 214) aurkezteko.

Ibilbidearen izenak islatzen duen bezala, honek buelta osoa ematen dio mendikate enblematikoari "erdi magaldeko altueran". Izarraizko bira homologatuta eta seinalizatuta dago eta irteera puntu bana du bailarako udalerri bakoi-tzean: Izarraizko Atea parkea Azpeitian, Balda Plaza Azkoitian eta Portale Zestoan.

Hori bai, mendikateari erdi magal altueran itzulia ematen dion ibilbidearekin konektatzeko abiapuntu eta lotura nagusi horiez gain, Aittolako aparkaleku-atsedengunea "hasiera-amaiera puntu estrategikoa da zuzenean ibilbidearen zati zirkularrera batu eta igoera-jeitsiera handienetako zatiak ekiditeko".

Iraurgi Berritzen garapen agentziatik nabarmendu dutenez, "ingurunea, aisialdia eta turismoa bezalako alorrak ikutzen dituen eskualde ikuspegiko proiektua da" Izarraizko bira: "segmentu ezberdinetara bideratutako eskaintza turistikoa zabaltzen du eskaintza honek; natur turismoari dagokiona, hain zuzen ere".

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako alkateek bat egin dute proiektu berri honen helburua azaltzerakoan: "herritarren erabilera eta gozamenerako lehendabizi, eta naturguneetan eta aire librean jarduerak egiteko zale diren ororen erabilerarako egiten da eskaintza hau". Helburua, beraz, bikoitza da: "herritarrei aisialdirako aukera bat eskaintzea eta bisitariak erakartzea".

Birak seinalizazioa integrala du. Hasierako panel informatiboekin batera, "denbora eta distantziak zehazteko norabide geziak" jarri dira, "marka hori eta zuriak jarraituz egiten den ibilbidean zehar". Horretaz gain, Izarraitz mapa turistikoa, Izarraizko Bira informaziorako mapa teknikoa eta ikusentzunezko bat ere prestatu dira bira ezagutarazteko.