Antzerkizaleek Zestoako Antzerki Astearen edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute bihartik uztailaren 3ra bitartean, koronabirusak eragindako ezohiko egoerara moldatuta bada ere. Aurtengoan lau antzezlanekin gozatzeko parada egongo da kultur etxe aurrean eta sarreren aurre-salmentak izan duen arrakasta ikusita (emanaldi guztietarako jarlekuak agortu dira) hiru hilabeteko etenaldiaren ondoren nabaria da antzerkizaleak zuzeneko ikuskizunekin berriro ere disfrutatzeko desiatzen daudela.

Dena den, Eromen konpainiak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen aurtengo Antzerki Astea berrinkun-tzaz beterik dator. Izan ere, antzerki taldeko lagunek akzio poetikoak estreinatuko dituzte egitasmoak irauten duen egun guztietan herriko kale eta plazetan. Horiek oholtzatik gertu ikusteko jarlekurik eskuratu ez dutenek Eromen Produkzioak eta Danbolineko sare sozialen bitartez izango dute emanaldiak zuzenean jarraitzeko aukera.

Gainera, hori ez da aurtengo edizioak ekarriko duen nobedade bakarra izango; Antzerki Asteko antolatzaileek "egoera berrira moldatzeko" irratsaioak ere eskaintzea erabaki bait dute.

Saioak, Kukurru Irratian (101.75 FM) izango dira entzungai eta, akzio poetikoekin bezala, Eromen Produkzioak-en sare sozialetan eta Danbolineko webgunean jarraitu ahal izango dira. Ekimen berri horretarako Eromeneko kideek irratsaio kulturak, irrati nobelak, eta hiru ataletan zatitutako antzezlan bat prestatu dituzte; haurrek ere beren txokoa izango dutelarik.

Antzerki Astea irekitzeko akzio poetikoa (20.00etan Zestoako kaleetan) eta Kamikaz kolektiboaren Matriuska antzezlana (22.30ean) izango dira bihar. Uztailaren 1ean, akzio poetiko gehiago (19.30ean Foru Plazan eta 20.00 eta 21.30ean Euskal Herria plazan) eta Elur Etxea konpainiaren Esnatu naiz antzezlana (22.30ean) egongo dira.

Hurrengo egunean akzio poetikoak (Arretxe plazan 20.00etan eta Euskal Herria plazan 21.30ean) eta Kamikaz kolektiboaren Panpina antzezlana (22.30ean) izango dira eta uztailaren 3an akzio poetikoak (20.00etan herriko kaleetan eta 21.30ean Euskal Herria plazan) eta Xanti Agirrezabalaren Xatiro antzezlana (22.30ean).

Eromen taldeko zuzendaria den Amancay Gaztañagak "gogotsu eta urduri" daudela onartu zuen 2020ko Antzerki Astea aurkezteko egindako agerraldian.

Bere hitzetan, prestatutako egitarauarekin Antzerki Asteak "Zestoa bahitu" egingo du. Hori bai "bahiketa poetikoa" izango da eta zaletu guztiak gonbidatuta daude era batera edo bestera parte hartzera.

Aurkezpenean Kultur Etxe aurrean egokituko den oholtzan antzezlanak taularatuko dituzten taldeetako ordezkariak ere izan ziren. Azken hilabeteetan geldik egon ondoren, denek "aktibatzeko gogoa" eta "ilusiua" azaldu zuten bihartik Zestoa "bahituko" duen ekimenaren aurrean.