- Zestoako alkateak, Mikel Arregik, bideo baten bitartez Santa Kutz jaiak ez direla ospatuko azaldu du. Maiatzaren lehen egunetan ospatzen dira eta egun hauetan gaia hizpide izan badute ere, “bistan da ez gaudela festak ospatzeko baldintzetan” azaldu du. Ildo honetatik, alternatibak aztertzen hasiak dira herriko eragileekin elkarlanean. Maiatzaren erdialdean ere Endoian festak ospatzen dituzte, baina arrazoi bera tarteko, bertan behera gelditu dira.

Ekainaren 14an, bestalde, hi-tzordu garrantzitsu bat zuten Aizarnan: eskola txikien aurtengo festa. Udaletik oraindik ez dute ezer zehaztu honen inguruan, baina, “festa horrek suposatuko lukeen jende kontzentrazioa kontuan hartuta ez gara baldintzetan egongo, ziur aski”, dio Arregi alkateak.

Zestoan aste honetan agertu dira COVID-19 gaitzaren baieztatutako lehen kasuak; guztira hiru dira oraingoz. Hiru kasu horietako bat “ospitalizazio batetik alta emanda bilakaera onean” dagoela jakinarazi du. Era berean, argitu nahi izan du kasu hauek ez direla “bat-batekoak” izan. Hau da, berrogeialdiaren aurretik kutsatutakoak dira.

Egun, herritar batzuk ere badira berrogeialdian alkatearen arabera eta test batzuk ere negatibo eman dute.

Udalaren lehentasuna “COVID-19aren kutsatze-katea erabat etetea” denez, horretarako hartutako neurriak jarraitzeko agindua eman du. Aldi berean, bolumen handiko hondakinak kalera ez ateratzeko deia zabaldu du hainbat “gorabehera” izaten ari baitira.