- #EtxeanJolas izeneko egitasmoa abiatu dute Azpeitiko Udalaren Gazteria sailak eta Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) elkarlanean koronabirusak eragindako konfinamendu egoera arintzeko. Ekimen horren bitartez herriko haur eta gurasoek egunero elkarrekin jolasteko aukera paregabea izango dute.

Horretarako, Txiki-Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileek okasiorako prestatutako bideoak igoko dituzte uztarria.eus web gunera, familia giroan ikusi eta jolasteko.

Ekimenaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, "egunero #EtxeanJolas egitasmoaren saio bat eskainiko da Interneten, 16.00etan, eta bertan etxean egiteko era ezberdineko proposamenak jasoko dira". Horien artean "eskulanak, asmakizunak eta mota askotariko jolasak" egongo dira.

Edonola ere, aurreneko saioa atzo egin ondoren, familiei zuzendutako ekimen honek gaur bertan izango du jarraipena. Udalaren Gazteria sailak eta UKTk herriko familiak animatu nahi dituzte #EtxeanJolas egitasmoaren saioetan parte hartzera.

Azken batean, ekimenaren helburua "haurrek ludoteketan egin ohi dituzten ekintzak herriko etxeetara gerturatzea" da, beti ere, konfinamendu egoera honetako egunak "pixka bat dibertigarriago egiteko".

Koronabirusaren eraginez kultur emanaldi eta saioak bertan behera utzita daudela ikusita, UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jarri zuen orain dela hainbat egun eta horri esker herritarrek bailarako kultur sortzaileren bideo emanaldi batekin disfrutatzeko aukera dute egunero (20.00etan) taldeko hedabideen web guneetan.

Datozen egunetan Amaia San Vicente ipun kontalariak, Ainhoa Martin abeslariak, Olatz Alkorta margolariak, Lurdes Alkorta eta Enaitz Alberdi trikitilariek eta Paola Moto zinemagileak eskainiko dituzte saioak.