azkoitia - Azkoitiko Kultur Elkarteak Bizenta Mogel Elgezabalen lana eta irudia bizirik gordetzeko Udalarekin elkarlanean antolatzen duen XXXVIII. Ipuin lehiaketak baditu irabazleak. Epaimahaiak atzo eman zituen ezagutzera irabazleen izenak eta hirurak azkoitiarrak izan dira.

Udaletik jakinarazi dutenez, Bizenta Mogel lehiaketaren lehen saria Juan Ramon Alberdi Ibarmiarentzat izan da (2018an hirugarren saria eskuratu zuen), bigarrena Miren Beneitez Sagarzazurentzat eta hirugarrena Marta Alberdi Urteagarentzat. Hirurek otsailaren 14an (19.00etan udaletxean) egingo den ekitaldian jasoko dituzte irabazitako sariak.

Guztira 27 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora eta epaimahaiak ipuinen "kalitatea eta maila handia" azpimarratu ditu.

Bizenta Mogel 1782. urtean jaio zen Azkoitian. Herriko medikuaren alaba izanda, aita hiltzerakoan osaba apaizarengana joan zen bizitzera Markinara, ama eta anaiarekin. Garai zail haietan gizonezkoek bakarrik zuten ikasteko pribilegioa baina osabari esker latina eta frantsesa ikasi eta letren eta hitzen unibertsoan murgiltzeko aukera izan zuen Bizentak. Hori bai, luma hartzerakoan ama hizkuntza aukeratu zuen, euskaraz idaztera ausartu zen lehen emakumea bilakatuz.

Ausarta eta berritzailea, Bizentak "euskaraz idaztera atrebitzeagatik" barkamena eskatu zuen Ipuin onak liburuan. Hala ere, ez zion euskaraz idazteari laga. - J.L.