- Ibarra Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide bihurtu zen orain dela hilabete bat, abenduan. "Eredu izan nahi dugu hizkuntza-politikan", adierazi du Kristina Martinez Arnaiz euskara eta hezkuntza zinegotziak. Zalantzak argitzeko, aurkezpenak egingo dituzte: lehen aurkezpena udaleko langileentzat izango da eta ostegun honetan egingo dute; bigarren aurkezpena, berriz, herritarrentzat izango da, eta aurrerago iragarriko dute data.

UEMAn sartuta, hizkuntza-plangintza eraginkor bat diseinatzea da helburu. "Aurretik ere jorratzen dugun gai bat da: hezkuntzan, esaterako, hasita dago lanketa hori, baita kultur kontsumoan ere. UEMAren laguntzaz beste arloetara zabaldu nahi dugu plangintza hori. Helbururik behinena zera da: edozein ibartarrek euskaraz aritzeko erraztasunak izatea edozein tokitan", azaldu du zinegotziak.

Era berean, eta epe motzera begira, hizkuntza-politika zuzenak eta eraginkorrak sustatu nahi dituzte hainbat arlotan, esaterako, aisialdian, hezkuntzan, kirolean eta lan-munduan. Harrera-plan egoki bat ere diseinatuko da herrira iritsi berriak integratzeko. Asmoa da plan hori elkarlanean osatzea hainbat eragilerekin, besteak beste, Osakidetza eta ikastola; eta UEMAk ere baditu hori garatzeko. Lan-munduan ere egin nahi da aurrera. Orain arte enpresei laguntzak eman zaizkie haien lanean euskara txertatzeko; bada, hemendik aurrera enpresentzat euskara balio erantsi bat izan dadin lan egingo dute.