- Datorren urterako aurrekontu orokorra onartu berri du Anoetako Udaleko osoko ohiko bilkurak. Guztira 2.853.950 euroko aurrekontua izango du udalak 2022an, aurreko urtekoa baino %15 handiagoa.

Pello Estanga alkateak azaldu du urtea amaitzeko hilabete falta den honetan, garbi dituela datorren urterako lehentasunak: "Anoetarren ongizatea bermatzea izango da helburu nagusietako bat. Horretaz gain, asmoa dugu herriko ekonomia bultzatzeko eta klima-aldaketa gerarazteko ekimen eraginkorrak sustatzeko".

Hain zuzen ere, datorren urtera begira Udalak mantendu egingo du gizarte-zerbitzuetan aurten egindako inbertsioa; eta, bide beretik, dirulaguntzak ere bermatuko ditu Udaletik kanpoko hainbat erakunderen-tzat.

Horrez gain, Udalaren lehentasunen artean daude klima-aldaketa geldiarazteko egitasmo eraginkorrak bultzatzea, eta herriko ekonomia zirkularra garatzeko neurriak har-tzea. Inbertsioei dagokienez, berriz, herriko hainbat auzo eta kale zaharberritzeko asmoa du udalak, helburu izanik gune horietan irisgarritasuna bermatzea eta oinezkoei lehentasuna ematea.

Aipatutakoaz gain, hainbat mozio ere onartu ditu azken osoko bilkuran udal taldeak: batetik, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurrean, Udala aurka dagoela adostu zuten, besteak beste, toki-eremuko autonomia eta demokrazia urratzen dituelako, udalei ez baitzaie aukerarik ematen lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituzten erabilerak mugatzeko.

Era berean, Azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguneko adierazpena ere onartu zuten; eta, azkenik, abenduaren 3ko, hots, euskararen nazioarteko eguneko adierazpena ere onartu zuten.