Haurren aurrean, helduok heldu ekimena Tolosaldera iritsiko da 22tik abenduaren 5era. Egitasmoaren helburua da umeen aurrean euskal hiztunek elkarrekin euskaraz egitea da.

Alkizako herri eskolako zuzendari Juan Carlos Alduntzinek adierazi moduan, "askotan esaten diegu umeei haien artean euskaraz egiteko, eta bitartean helduok gara gure hizkuntza ohiturak aldatzeko prest ez gaudenak".

UEMAk eta Galtzaundik 2017an elkarlanean egindako Tolosaldeko herrietako hizkuntza erabileraren neurketaren datuak aztertuz gero, erantzundako lau haurretatik hiru ari ziren euskaraz eta helduetan berriz, lautik bi baino ez.

Hala, Alduntzinek aipatu bezala, "oso albiste ona da belaunaldi gazteenak izatea euskara gehien dakitenak, eta gehien erabiltzen dutenak; baina helduok ezin gara erlaxatu. Euskaraz egiteko mezua haurrei zuzentzetik helduoi zuzentzera igarotzeko garaia ere iritsi zaigu. Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egitea, hori arau sozial bilakatu behar dugu; izan ere, haurrek egiten dugunetik ikasten dute, eta ez esaten dugunetik".

Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean antolatu duen ekimenaren baitan, hamabost egunez, helduek elkarrekin euskaraz egitea proposatzen da, umeen aurrean batez ere. Ekimenean parte hartzeko deia 0-12 urte bitarteko umeekin harreman estua duten guztiei bideratua dago: irakasle, eskola gaineko langile, zaintzaile, guraso, autobus gidari, haurren bila joaten direnak, baita eskola komunitatetik kanpora haurren inguruan ibiltzen diren guztiei ere. Gakoa euskaraz dakitenen artean euskaraz egitea dela adierazi dute, "ausartenek izango baitute bi hizkuntzetako elkarrizketa praktikatzeko aukera".