Anoeta | 'Irakin' proiektua jarriko dute martxan kiroldegiko sukaldean

Obradore bat zabalduko du Iñigo Estangak bertako ekoizleen produktuekin elikagaiak prestatzeko

24.09.2021 | 00:35
Iñigo Estangak eskainiko du zerbitzua. Argazkia: N.G.

Anoeta – Abraham Olano kiroldegian sukalde bat egokitzeko proposamena egin zuen Anoetako Udalak eta esleipen-prozesuaren ondoren, Iñigo Estangak aurkeztutako Irakin proiektua hautatu dute. Urte amaierarako zabalik eta martxan jartzeko asmoa du.

Estangaren asmoa da obradore bat zabaltzea bertako ekoizleen produktuekin elikagaiak prestatzeko eta merkaturatzeko. Urte luzez sukaldean aritu da lanean, eta obradorea hark bildutako "bizipenen, irakaspenen eta ilusioen gorpuztea" dela dio.

Sukaldea, funtsean, tresna bat izango da bertako ekoizleen produktuak erregistratzeko, ontziratzeko eta kanpora banatzeko; janaria prestatu eta bertan salduko da. Baina hori baino askoz gehiago ere izango da: bertako elikagaiak biltzeko eta eraldatzeko laborategia izango da. Sukaldea topaleku bat izango da ekoizleentzat, eraldatzaileentzat eta kontsumitzaileentzat.

Horrela, herrian ez dagoen zerbitzu berri bat sortuko du, zeinak bertako ekonomia zirkularra sustatuko duen. Inguruko ekoizleak biltzeko elkargunea izango da, eta herrian bertan ekarpena egingo du elikadura osasuntsua sustatzearen alde bere aletxoa jarriz. Era berean, elkartu egingo da Anoetan dagoeneko martxan dauden ekimenekin eta bat egingo du herriaren hazkundearekin.

Pello Estanga alkateak ere bat egiten du bertakoa sustatzearen aldarriarekin: "Anoetako Udalarentzat erronka handia da tokikotasunetik ekonomia zirkularraren eta ekonomia ekologikoaren oinarriak bultzatzea eta helburu horiek lortzeko praktikak indartzea. Tokiko elikadura osasun-tsuaren aldeko apustuak halabeharrez biltzen ditu balio hauek".

Hala, kiroldegian espazio bat egokituko da sukalde moduan, elikagaiak prestatzeko, aurkezteko eta merkaturatzeko. Anoetako Udalak hainbat baldintza ezarri ditu; esaterako, 150 kilometroko erradioan ekoitziak izango dira erabiltzen diren produktuen %60, hiru urteren buruan %75era iristeko konpromisoarekin. Erabiltzen diren produktuen %10 Tolosaldeko udalerrietako elikagaiak izan beharko dute.

noticias de noticiasdegipuzkoa