- Landa bideak eta bide bazterreko sastrakak garbitzeko lanei ekin dio Tolosako Udalak, behin zerbitzua esleituta. Helburua da erabilera publikoko bideak segurtasun eta erabilgarritasun baldintza onetan mantentzea.

Bi urterako plangintza osatu du Udalak eta lehiaketa publiko bidez esleitu zaizkio lanak Belarmendi SL enpresari.

Modu honetan, dagoeneko hasi dira baserrietara doazen bide zolatuen bazter eta ezpondetako sastrakak eta arekak garbitzen. Aldaban, Bedaion, Monteskuen, Urkizun, Santa Luzian eta Usabalen egingo dira lanak. Zuhaitzak eta luizi txikien ondorioz eroritako lurra eta haitzak ere kenduko dira.

Guztira 67.344,2 metro landa bide garbituko dira irailean hasita abenduko bigarren astera bitartean. 46.282,5 euroko inbertsioa (BEZ barne) egingo du Udalak guztira.

Baserri bideen garbiketaren egutegia ere osatu du Tolosako Udalak. Landa bideetako sastraka garbiketa Aldaban hasi da iraileko lehen astean. Horrela, irailaren 13tik 26ra Bedaion jarraituko dute, eta urriaren 18tik azaroko lehen astera bitartean, Monteskuen. Azaroko azken astean ekingo diete lanei Urkizun, abenduko lehen astean Santa Luzian eta, azkenik, abenduko bigarren astean Usabalgo landa bideak garbituko dira.