Pandemiak beste urte batez Andra Maria jairik gabe utzi ditu Zizurkilgo herritarrak. Festarako gogoak ordea, ez du huts egingo goran eta kulturaz gozatzeko parada izango dute zizurkildarrak aurtengoan. Hain zuzen, abuztuaren 13tik 15era arte asteburu kulturala antolatu dutela adierazi du Iker Urruzola alkateak: “Iazko egoerak ez zigun utzi ohiko festak antolatzen, eta bai Herrigunean eta bai Elbarrenan, ekintza kulturalak antolatu zituzten festa batzordeek”.

Osasun egoerak baldintzatuta, oilasko bilketarik gabe hasi beharko dute eguna zizurkildarrek. Hala ere, iazko antolakuntza jarraituz, hainbat ekintza eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute hiru egunetan zehar. Herriko txikienek ekingo diote asteburu kulturalari, eta eurak izango dira lehen ekimenaren protagonista nagusiak. Arratsaldeko 16.00etan hasita, Otaño plazan izango diren puzgarrietan aspertu arte jolasteko eta izerditzeko denbora izango dute. Izan ere, puzgarriak hustutzeko garaia iritsi bezain pronto, Intxaur frontoian 19.00etan izango den Frontona antzezlanari emango zaio hasiera.

Pilota jokoa aitzakiatzat hartuta ikusleari jolasa proposatzen diote Frontona ikuskizuneko aktoreek. Unai Ormaetxea andoaindarrak, Iñigo Otaegi billabonatarrak eta Josu Artutxa tolosarrak gidatuko dute emanaldia eta kantxan Janire San Sebastian eta Anne Maiza pilotari zizurkildarrak arituko dira. Antzezle izateaz gainera, eragile ere badira, harmailetara zuzendutako galderekin publikoa interpelatu nahi baitute.

Herriko txikiak izango dira larunbateko lehen protagonistak berriro ere Konkis Txiki ekintzarekin. Hain zuzen, goizeko 9.30etan hasita sei urtetik gorako haur eta gaztetxoentzat bideratutako kirol erronka eta proba dibertigarriak izango dira Herrigunean zehar. Sei urtetik beherakoek ere jolasteko denbora izango dute 11.00etan Otaño plazan antolatuko diren jolasetan. Herritarrak arratsaldeko 18.00ak arte indarrak hartzeko nahi adina denbora izango dute, ordu horretan hasiko baita Irungo Berdinki Zirku Garaikide Konpainiak eskainiko duen Mikra zirkua, musika eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia Otaño plazan. Julen Alonso eta Oinkari dantza taldearen Sutan Dantzan ikuskizunarekin emango zaio amaiera egunari 22.30etan, Intxaur frontoian.

Haurren basoa ekimenarekin 11.00etan hasiko dute igandean eguna txikienek, eta hainbat tailer eta jolasez gozatzeko aukera izango dute. Kirolak ez du huts egingo asteburuan eta herri kirol saioa izango da 12.00etan. Bertan, Jon Irazu eta Txomin Amondarain aizkoran arituko dira Unai Otaegi eta Joseba Otaegiren lehian. Harri jasotzen ibiliko da Udane Ostolaza. Egitarauan bertsoak ezin ahaztu, eta horiek izango dira asteburu kulturalari amaiera emango diotenak. Hortaz, 19.00etan hasita Intxaur frontoian izango dira Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariak, eta gai jartzaile lanetan arituko da Igotz Alkorta.

Aforo mugak direla eta, gonbidapenak beharko dira, bereziki, Sutan Dantzan ikuskizunerako eta bertso jaialdirako. Horiek lortu ahal izateko Iriarte eta Plaza Etxeberri jatetxeetan izango dituzte eskuragai herritarrek.

Pandemiak eraginda, aurtengo irailerako aurreikusten ziren Elbarrenaren jaiak ere bertan behera geratu dira, eta horren ordez, irailari begira Elbarrenako festa batzordeak hartu duen erabakiaren berri ere eman du alkateak: “Irailaren 8tik 12ra bitarteko egunetan egingo dituzte ekitaldiak, ez dira ohiko jaiak izango baina ohikotasun baten barruan, lauzpabost egunetan pilatuko dituzte antolatutakoak”.

Festa batzordeek osasun eta segurtasun neurriak betearaziko dituztela azpimarratu du Urruzolak, eta bi festa batzordeei eskerrak emateko tartea ere izan du Zizurkilgo alkateak, “herria bizirik mantendu eta herria koloreztatzen jarraitzeagatik”. Ekintza guztiak gauzatu eta bideratu ahal izateko, Zizurkilgo Udalak beharrezko laguntza eskainiko diela esan du.

Kultura batzordeak ez du ahaztu Urruzolak eta arduradun politiko, teknikoek eta idazkariek egin duten ahalegina azpimarratu du: “Urte eta erdi honetan hainbat ordu pasa dituzte egoera oso zail batean alternatiba berriak sortu nahian. Jendea ohituta zegoen kultura eskaintza zabala izatera Zizurkilen, eta iazko martxoan, asteburu bete-bete baten atarian, errotik moztu ziguten jarduera guztia. Oraingo honetan aurkeztu den programazio honen atzean lan asko dago eta zinez udaletik miresmena eta eskerra adierazi nahi diegu antolaketa lanetan ibili direnei”.

16.00etatik 19.00etara. Puzgarriak P.M. Otaño plazan.

19.00. Frontona antzezlana, Intxaur frontoian

9.30. Konkis Txiki sei urtetik gorakoentzat Herrigunean zehar.

11.00. 6 urtetik beherakoentzat jolasak P.M. Otaño plazan.

18.00. Mikra zirko emanaldia P.M. Otaño plazan.

22.30. Julen Alonso eta Oinkariren eskutik Sutan Dantzan ikuskizuna Intxaur frontoian.

11.00. Haurren basoa ekimenaren eskutik, tailerrak eta jolasak.

12.00. Herri kirol saioa.

19.00. Bertso jaialdia Intxaur frontoian. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Gaia jartzen, Igotz Alkorta.