Anoeta | 168 dei egin dira, adinekoen errealitatea ezagutuz

Anoetako adinekoen laurdena bakarrik bizi da, eta hamarretik zortzik azaldu du oso nekatuta dagoela

02.05.2021 | 01:28

anoeta Anoetako Udalak 168 dei egin zituen herriko adinekoen errealitatea ezagutu eta haien beharrak hautemateko asmoarekin. Hain zuzen, joan den martxoan, dei bidezko arreta zerbitzua eman zien udalak herriko 75 urtetik gorako biztanleei. Dinamikaren helburu nagusiak, alde batetik, osasun-krisiak herritarrenganako eragina identifikatzea izan zen; eta bestetik, bakoitzaren errealitatea ezagutzea. Gauzak honela, gizarte-zerbitzuen sailak haien premietara egokituko den baliabide bat eskaintzea du helburu.

Guztira 168 herritarrek jaso zuten dei bidezko arreta-zerbitzua. Horietatik %60,11 emakumeak dira, eta %39,89 gizonak. Deia jaso zuten %4,1 zahar-egoitza batean bizi da, %24,40 etxean bakarrik, eta %71 bikote edo senideren batekin. Pandemiaren aurretik %95ak bizitza sozial oparoagoa zuen, eta guztiek azaldu zuten pandemia hasi zenetik noizbait isolamendua jasan behar izan zutela.

Hala ere, denek onartu zuten osasun-krisia hasi zenetik buruhauste gehiago dituztela; eta hamarretik zortzik oso nekatuta dagoela. Egoerarekin errudun sentitzen da erdia; hots, gaixotasunaren aurrean zaurgarrienak direla-eta, uko egin diote senideekin eta lagunekin elkartzeari. Horrez gain, hamarretik hiruk depresio-agerraldiren bat izan du eta %65ak dolua pairatu du.

Pello Estanga alkateak gertutik jarraitu zuen prozesua eta dei-zerbitzuak herritarrengan "harrera oso ona eta beroa" izan duela azaldu zuen. Dena den, kezka ere adierazi zuen lanketatik lortutako informazioarekin: "Emaitza oso esanguratsuak dira eta herriko 75 urtetik gorako adineko jendearen errealitatearen isla dira".

noticias de noticiasdegipuzkoa