- Euskal emakume idazleak eta ilustratzaileak bultzatzeko eta horiek ezagutzera emateko helburuarekin egitasmo bat jarriko du martxan Ibarrako Udalak datozen egunetarako.

Irati Garmendia idazleak eta Ane Arzelus ilustratzaileak Xomorro lapurra izeneko liburua argitaratu behar dute bien artean, eta, horren harira, zomorro bat marrazteko erronka proposatu nahi diete sei eta hamabi urte bitarteko Ibarrako neska-mutilei.

Horretarako, Udalak astelehenetik hasita hiru bideo argitaratu zituen gida moduan: lehenik, astelehenean partekatu zuten bideoan ipuin bat kontatu zuen Garmendiak; bigarrenik, ipuinarekin lotutako ilustrazioak nola egin erakutsi zuen atzoko bideoan Arzelusek; eta, azkenik, apirilaren 21ean, haurrei erronka aurkeztuko diete: zomorro bat marraztu beharko dute.

Ibarrako txikiek egiten dituzten marrazkiak Ibarrako kultur etxean entregatu beharko dituzte apirilaren 22tik 29ra. Marrazkiari izena jarri eta izen bera duen sobre batean parte-hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa ere gehitu beharko dituzte.

Horren ostera, maiatzaren 4tik 13ra bitartean, aurkeztutako marrazki guztiekin erakusketa bat antolatuko du Ibarrako Udalak kultur etxeko areto nagusian, eta azkeneko egunean, Garmendiak, Arzelusekin batera argitaratuko duen Xomorro lapurra liburuaren hiru ale zozketatuko ditu parte hartu duten haur guztien artean.