- Tolosako Asanblada Feministak deituta, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean, Miarritzen gizonezko batek tiroz hil zuen emakumearen erailketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Tolosako Triangulo Plazan.

Tolosako Asanblada Feministako kideak "nazkatuta" daudela adierazi zuten, eta ez dela eraso sexistarik egon behar aldarrikatu zuten. Euren hitzetan, "ndarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik".

Horregatik, indarkeria matxistak lehen mailako "arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala" izaten jarraitzen duela adierazi zuen Tolosako Asanblada Feministak: "Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara".

Modu horretan, indarkeria matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuen; hezkuntzan hasita beste edozein eremutan ere.

Hortaz, emakumeon aurkako indarkeriaren adierazpen "bortitz" honen aurrean izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Tolosako Asanblada Feministak, baita autodefentsa feministarako ere.

- Aiztondoko Mugimendu Feministak eta Matraka talde feministak deituta, Villabona, Zizurkil eta Anoetan ere elkarretaratzeak antolatu zituzten ostiral arratsaldean, Indarkeria matxistarik ez edo Beste emakume bat eraila Miarritzen, autodefentsa feminista lelopean.