Tolosako Udalak alokairua sustatzeko lan-lerro berriak martxan jarriko ditu aurten herriko etxebizitza hutsen azterketaren egin ondoren eta Amasa-Villabonako Udalak etxebizitza politika berria garatzeko konpromisoa hartu du.

Tolosan hutsik dauden etxebizi-tza gehienek birgaitze-lanak behar dituztela ondorioztatu da eta eskaintzaileen profilari dagokionez, gehienak gazteak dira, alokairuaren aldeko apustua egiten dutenak eta lehen aldiz emantzipatu nahi dutenak.

Beraz, etxebizitza hutsen azterketaren emaitzak kontuan izanda zehaztu dira lan-lerro eta egitasmo nagusiak. Lehena izango da diru laguntza lerro berria ezartzea alokairuaren ordainketa errazteko. Bigarrenik, Bizigune programaren baitan, Eusko Jaurlaritzak etxebizi-tza birgaitzeko eskaintzen duen diru laguntza programa osatuko da, ahalik eta etxebizitza huts gehien merkaturatzeko. Azkenik, Etxebide eta Alokabiderekin hitzarmenak berritu eta informazio kanpainak gauzatzea adostu da herritarrek eskura dituzten aukera guztien berri izan dezaten.

Etxebide eta Alokabiderekin hitzarmenak berritzearen helburua da, Alokabidek sustatzen duen Bizigune programa, Etxebizitza Hutsen Programa, Tolosan indartu eta ezagutzera ematea. Horretarako Alokabiderekin batera, Bizigune programari buruzko informazio kanpaina egingo da aurten.

Gislan Kooperatibak iaz egindako lanari esker, Amasa-Villabonako Udalak adierazle sozio-demografikoen eta etxebizitza parkearen datu base zabala du orain esku artean. Azterlan honekin urrats garrantzitsua eman da Amasa-Villabonan, izan ere, etxebizitzaren inguruko problematikari heldu eta etxebizitza politika eraginkorra diseinatu eta martxan jartzeko helburua baitu aurten Udalak.

Bide honetan, hainbat erronka identifikatu dira: gazteak Amasa-Villabonan errotzea; alokairuaren eskaintza zabaltzea, zentzuzko prezioetan; etxebizitza hutsen merkaturatzea, herriko etxebizitzen %10a hutsik baitago; eta bizikidetza unitateen gehikuntzari erantzutea.

Erronka hauei erantzuteko Amasa-Villabonako Udalak 2021. urtean "etxebizitza politika aktiboa" gara-tzen hasteko konpromisoa hartu du. Helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza osatuko du, kronograma eta ekintza plan batekin eta laster ezagutzera emateko asmoa du.

Udal gobernuarentzat etxebizitzaren gaian dituen erronkei heltzea "oso garrantzitsua" da eta lan-ildo estrategiko gisa definitzen du. Etxebizitza politika "aurrerakoi, eralda-tzaile eta eraginkorra" osatu eta garatu nahi du, gauzak aldatu daitezen eta etxebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin.