"Itsasoa Tolosan hasten da" gogoratu dute bost plakek

Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan, gaur eta bihar Oria ibaia garbituko dute DBHko ikasleek

23.03.2021 | 00:36
'Itsasoa hemen hasten da'leloa.

Tolosa – Uraren Nazioarteko Eguna ospatzeko lau ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Herritarren kontzientziazioa areagotzea da helburua eta, horretarako, kontura daitezen kalean dauden estoldetan zaborra botatzen bada, zabor hori guztia ibaira eta itsasora joango dela, Itsasoa hemen hasten da esaldiarekin bost plaka jarri dituzte herriko estoldetan.

Balora dezagun ura! leloa oinarri hartuta, bi gai nagusitan jarri da fokua: batetik, ibai ertzetan agertzen diren plastikoen gaia landu nahi da, hauek ingurumenean eragiten dituzten kalteei erreparatuz, eta bestetik, zigarrokinak lurrera botatzeak sor-tzen dituen kalteak ikusaraztea da helburua, estolderietatik ibaietara, itsasora eta lakuetara iristen direlako . Hauek deskonposatzeko 25 urte behar izateaz gain, zigarro baten alkitranak eta nikotinak 50 litro ur kutsatu ditzake.

Alde batetik, gaur eta bihar ibaia garbituko da DBHko ikastaldeekin SAM zubian, Euskaldunberri zubiaren inguruan, Santa Maria Elizaren atzealdean eta ikastolaren inguruetan. Aurten Tolosako Udalak ez du herritarrentzat deialdi orokorrik egin osasun krisia dela-eta taldean aritzea ekidin nahi delako.

Zigarrokinen aurkako ekimena ere egingo da DBHko ikasle taldeekin. Herrian zehar lurrean topatutako zigarrokinak markatuko dituzte.

Bestalde, Itsasoa hemen hasten da lelodun bost plaka jarri dira Tolosako bost estoldetan: Korreo kalearen amaieran, Euskal Herri plazaren sarreran, Lopez Mendizabal plazan, Larramendiko haur parkeko iturrian eta Zerkausi ondoan dagoen iturrian.

Beste asmoetako bat da zakarron-tziak berritzea ibaira zein itsasora iristen diren hondakinak murrizteko. Ibaian bukatzen duten hondakin kopuru ugariena plastikoak dira, hein handi batean zakarrontziak ibaitik gertu daudelako edo haizeak eramaten dituelako. Horregatik, ibai ondoan dauden zakarrontziak gutxinaka lekualdatzea da helburua.