Tolosa - Gaur egun telefonorik gabe eta ia interneteko estaldurarik gabe daude Bedaion, eta ezin dute inorekin komunikatu. Miren Erratzu bedaiotarrak bertso batzuk sortu ditu egoera azaleratzeko eta WhatsApp bidez bideo bat zabaldu dute "utzikeria eta gehiegikeria" salatzeko.

Bedaion enpresa bakarra da linearen jabea, Movistar, eta mantenu lanak egiten ez direnez, edozein momentuan haria eteten da eta auzotarrak inkomunikatuta geratzen dira. "Ez dago inor gure arazoa bere gain hartuko duenik. Movistarrek koponbidea bilatu du. Telefonoz mugikorrera deitzen dizute eta mobila ez baduzu hartzen, horrek beraientzat esan nahi du arazoa konpondu dela. Baina nola erantzungo dugu estaldurarik ez dagoen eremuan? Orduan, beraien-tzat ez dago matxurarik eta irtenbiderik gabeko gurpil zoroan gabiltza", salatu dute.

Otsailaren 7az geroztik telefono zerbitzurik gabe daude 16 baserritan. Egoera honen ondorio da urgentziaz medikura joateko kotxea hartu beharra, adibidez, baina adinekoak babesik gabe geratzen dira. "Orain artean gure artean izan dugun bizilagun baten heriotza familiari helarazteko, telefonoz ezin komunikatu, eta medikuak ez du beste irtenbiderik bilatu ertzainak bideratzea baino. Alargundu berri den emazteari bere senarraren heriotzaren berri ertzainek eman, eta alarguna bere saminean ezin inorekin komunikatu. Noraino iritsi behar dugu?", diote auzotarrek haserre.