- Pandemiak ez du Alurr Dantza Taldea geldiarazi. 25. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte eta hainbeste atzeratu behar izan duten urteurreneko emanaldia urtarrilaren 2an egingo dute Ibarrako Belabieta kiroldegian.

25. urteurrena ospatzen eta horretarako hainbat ekimenen bueltan zebilen lanean taldea COVID-19 eragin zezakeen egoera aurreikusi ezinik. Haietako batzuk martxan jarri ahal izan dira: emanaldietarako entseguak, kantu propioaren sorrera, ikuskizun bereziak esakintzeko ilusioa eta ospakizun egun handi bat, besteak beste. Berrogehialdiak, ordea, erditik moztu zuen gogo handiz egiten ari ziren lana. Haatik, osasun krisiak duen larritasunari muzin egiteko asmorik gabe, kulturaren segurtasunean berresten dihardute.

"Eskaintza kulturalaren gestioa, ordea, borroka huts bihurtu da. Hala eta guztiz ere, tinko eutsi diogu proiektu kulturala hedatzen jarraitzeko apustu ezinbestekoari. Horren adierazle dira Gattiu ikuskizun berriaren estreinaldia edota Arineketan taldearen emanaldiaren lurreratzea", azaldu dute taldetik.

Urtarrilaren 2ko emanaldiari begira, dantzari ugari direnez, aforo arazoak ekiditeko eta ikuslegoari aukera zabalagoa eskaintzeko izaera ezberdina izango du ikuskizunak: emanaldi bera bi aldiz errepikatuko dute dantzariek, hau da, bi saio egongo dira. Bata 17.00etan izango da eta bigarrena, berriz, 19.30ean. Biak, esanda bezala, urtarrilaren 2an, egun berean.

Pertsona bakoitzak bost gonbidapen hartu ahal izango ditu (sarrera dohakoa da) asteartean eta asteazkenean Ibarrako kultur etxean hasiera batean, eta ondorengo egunetan, Ibarrako udaletxean jaso ahal izango dira.