- Anoetako Udalak Erein programaren bitartez jaso dituen 171.000 euroko laguntzari esker, herriko plaza eraberritzeko lanak hasiko dira datorren urtean. Baldintza pleguak onartu berri dira eta hilabeteko epean proposamenak jaso ondoren, lanak urtarrila amaieran esleituko dira.

Parte-hartze prozesua 2018. urte amaieran martxan jarri zen plazan estalpe bat jartzeko egokitasunaz erabakitzeko. Adostasun zabala erakutsi zuten herritarrek, baina bidean behar berriak azaleratu zitzaizkien eta proiektua idazten ari zen Nahikari Calleja herritarrak proposamen berri bat ekarri zuen. Plazako bi mailak berdintzeak plazari beste aukera bat eskainiko ziola ikusi zen orduan eta irisgarritasun aldetik ere egokiagoa izango zela. Lan horiek, aurreikusitakoa baino gastu handiagoa ekarriko zutela onartuta, apustua egitea erabaki zuen Udalak.

Gaur egungo plazaren eta futbol zelaiaren artean dagoen koska berdindu, irisgarritasuna hobetu, komunak berritu, materiala gorde-tzeko espazio bat egokitu eta plazaren alde batean estalpea jarriko da. 490.000 euroko inbertsioa egingo du udalak eta 171.000 euroko lagun-tza jaso du.

Behin lanak amaitzen direnean, gaur egun plazan bereizita ageri diren bi espazioak lotuta geratuko dira. Izan ere, plaza egin zutenean behin-behinekoa zena urte luzeetan geratu da horrela eta inguru hori egokitzeko momentua iritsi da.

Plaza eraberritzeko proiektua, Zür studio, zurezko eraikuntza, arkitektura eta hirigintza jasangarri eta inklusiboan lan egiten duen arkitektura estudioak idatzi du.

Lanak 2020an egiteko aurreikuspena bazegoen ere, pandemia tarteko, epeak atzeratu egin dira. Gainera, estalpea elizaren ondoan joango denez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuaren baimena behar zen.