- Ibarra herri anitza da, kultura, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako herritarrak biltzen dituen gizartea. Auzoko egitasmoak hizkuntza aniztasun hau aitortu, herritarren arteko harremanak sustatu eta kohesio eta komunikaziorako hizkuntza gisa euskara erdigunean jartzen du.

Beste urte batez Auzoko egitasmoa martxan jarriko da bihar Ibarran "euskaratik herritarren arteko zubiak eraikitzeko". Hitzordua 19.30ean izango da Azkue auzoko 10. zenbakian dagoen kale heziketako lokalean. Parte hartu nahi duenak 661 745 875 telefonora idatzi beharko du.

Euskara, aniztasuna eta herritarrak barne biltzen dituen egitasmoa da Auzoko. Herritar guztien arteko kohesio eta komunikazio-hizkuntza euskara izateko euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzea da egitasmoaren helburu nagusia. Horretarako, herritarrak biltzen ditu egitasmoak astean behin, euskaratik gertu bizi direnak, eta euskaratik urrun bizi direnak, hainbat dinamika eta jolas baliatuz euskaraz aritu, elkar ezagutu eta ondo pasatzeko. Taldean ezinbestekoak dira, beraz, euskaratik gertu bizi diren euskal hiztunak, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko.

"Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa baita herrietan dagoen aniztasuna ezagutu eta aitortzearekin batera, hizkuntza guztion esku jartzea", azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Herritarrak animatu dituzte, bera, bihar egingo den lehen saioan parte hartzeko.