Martxan da Ibarra-Galtzakomik lehiaketaren 13. edizioa

Aurten lanen gaia librea izango da eta kategoria bat gehitu da sariak banatzerakoan

13.10.2020 | 00:37
Ibarra-Galtzakomik lehiaketako antolatzaileak. Argazkia: N.G.

Ibarra – Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketaren 13. edizioa antolatu du. Aurtengoak bi berrikuntza nagusi izango ditu: aurkeztu beharreko lanen gaia librea izango da eta kategoria bat gehiago gehitu da sariak banatzerakoan.

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta ikastetxeei deialdia egin nahi diete antolatzaileek, lantzen ari diren proiektuak komikia ere landu eta uztartzeko baliatu ditzaten.

Kategoriei dagokienez, sail berri bat gehiagorekin, lau sailetan banatu dira aurtengo ediziorako sariak. Horrenbestez, 12 urtez azpiko saila bitan banatu da; 9 urte artekoek euren saila izango dute eta 10-12 urte bitartekoek beste bat.

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke. Lanak azaroaren 30era arte aurkeztu daitezke Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan edo postaz bidali. Bestalde, Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 18tik 30era, Ibarrako Kultur Etxean, eta sari banaketa abenduaren 18an izango da.