VILLABONA. Azken egunetan WhatsApp eta sare sozialen bidez Villabonara joateko eta botiloia egiteko egin diren deialdien harira, Amasa-Villabonako udalak arduraz jokatzeko deia egin du.

Azken egunetan Tolosaldea eta Goierriko hainbat gazte eta nerabe taldetan asteburu honetan parranda egitera Villabonara joateko eta Komizarko parkean makro-botiloi bat egiteko deialdiak zabaldu dira. Horren aurrean, Amasa-Villabonako udalak Santio Jaiak bertan behera geratu direla gogorarazi du. "Ez da jai egitaraurik izango eta tabernen ordutegia murriztu egin da", adierazi dute prentsa-ohar batean. "Jendarteari eta bereziki inguruko herri eta eskualdeetako herritarrei, Villabonara festa eta parranda egitera ez etortzeko eskaera egiten diegu".

Udalak gogorarazi du adin txikikoei alkoholdun edariak saltzea, botiloia egitea eta 10 lagunetik gorako taldeetan biltzea debekatuta dagoela. COVID-19aren zabalpena saihesteko, "oso garrantzitsua da arduraz jokatzea eta ezarri diren segurtasun arau guztiak ondo betetzea".

Gauzak horrela, udalak honako neurri bereziak hartzea erabaki du. Batetik, Komizar parkera doan bidea itxi egingo da eta udaltzaingoak zaintza berezia egingo du inguruetan, botiloirik egin ez dadin. Bestetik, udala Ertzaintzarekin harremanetan jarri da, herriko sarbideetan eta tren geltokian kontrol neurriak ezar daitezela eskatzeko. Eta azkenik, udaltzaingoak aipatutako arau hausteak egiten dituzten pertsonak identifikatu eta salatuko ditu, salbuespenik gabe.