- Tolosak urteak daramatza gobernantza eredu berrietan sakontzen, baina larrialdi egoerak eta itxialdiak agerian utzi dute, egoera zailetan, komunitateak berebiziko garrantzia hartzen duela. "Oso momentu bereziak eta gogorrak bizi ditugu, eta denak elkarrekin eman behar diogu erantzuna, baina ez edonola, balore eta printzipio batzuetan oinarritutako erantzuna baizik", azaldu zuen atzo Garikoitz Lekuona Tolosako Udaleko partaidetzako teknikariak.

Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen lelopean, partaidetza prozesuaren helburua da gizarte ekintza eta parte hartzea erraztea eta gaur egungo egoeraren aurrean, paradigma berriaren baitan komunitatea sendotzeko lan-lerroak herritarrekin elkarlanean garatzea. Lau fase izango ditu prozesuak eta lehen saioak ekaina-uztailean egingo dira Nola sentitzen gara? galderatik abiatuta.

Joseba Ormazabal zinegotziak azpimarratu du babes zabala jaso duen egitasmoa dela. "Tolosan partaidetza-kultura hedatzen jarraitzea du xede prozesuak, horregatik, herritar, norbanako, politikari zein teknikariek, guztiek, parte hartuko dute ekimenean, herritartasun aktiborako eta erantzunkidetasunerako konpromiso indibiduala susta-tzeko, konpromiso hori hala senti-tzeko, elkarlan publiko-komunitarioa sustatzeko".

Izan ere, helburua da gizarte-ekintza eta parte-hartzea erraztea eta herritarrekin batera etorkizuneko Tolosa irudikatzea. Lau lan-lerro landuko dira, Suspertu Tolosa planarekin bat eginda: arlo soziala, ekonomikoa, kulturala eta ingurumenari lotutakoa.

Lehen ekintzak ekaina-uztaila bitartean gauzatuko dira. Ekainaren 17 eta 18an, Nola sentitzen zara? lehen topaketak egingo dira online formatuan, 18.00etatik 20.00etara. Tolosarrei entzutea dute helburu eta haien zalantzak eta kezkak ezagutzea errealitate berri honetatik abiatuta, prozesua Tolosaren testuinguruan lerrokatzeko.

Uztailean beste lau saio egingo dira, elkarrekin sortzeko tailerrak, hitzetik ekintzatara pasatzeko. Hauek ere online egingo dira, 18.00etatik 20.00etara uztailaren 7, 9, 14 eta 16an. Pertsona bakoi-tzak, bere ekintzen bitartez, Tolosa nola suspertu, eraldatu, sustatu, hobetu dezakeen hausnartzeko balioko dute.

Hirugarren fasean ekintza txikien dekalogoa osatuko da eta azkenik, iraila eta urria bitartean, saioetan zehaztutako banakako ekintza txiki horiek gizarteratuko dira eta horien bideragarritasuna aztertuko da.

Parte hartzeko aurrez izena eman beharrezkoa da 010 telefonora deituta, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzita edota WhatsApp zerbitzu berria erabilita (688 768 458).