Tolosako EH Bilduk krisiari aurre egiteko proposamena egin du

Egoeraren diagnostikoa egitea ezinbestekoa dela uste dute eta zenbait lan-lerro zehaztu dituzte dokumentuan

16.05.2020 | 23:35
Tolosako argazki orokorra. Argazkia: M.S.S.

Tolosa – EH Bilduk bere proposamena aurkeztu du COVID-19ak Tolosan sortu egin duen krisiaren ondorioei aurre egiteko. Andu Martínez de Rituerto bozeramaileak herritarren galderak erantzun zituen sare sozialen bitartez egindako agerraldian eta garatutako proposamena aurkeztu zuen. Egoeraren diagnosia egitea ezinbestekoa deritzote eta zenbait lan-lerro zehaztu dituzte.

Modu honetan, lehentasunak finkatzeko dokumentua sortu dute. EH Bilduren helburu nagusia da "atzean pertsonak dituzten egitasmoak eta proiektuak lehenestea eta egoera zaurgarrienean gelditu diren herritarren beharrei erantzutea". Horrela, esku-hartze plan proposamena luzatu diote udal Gobernuari. Lan-lerro eta laguntza proposamen zabala da, epe motzean eta ertainean kontutan hartzekoak biltzen dituena, baina baita luzera begirakoak ere.

Arloka zehaztu dute esku-hartze plana eta proposamenak egin dituzte arloka: babes soziala, etxebizitza, hezkuntza, tokiko ekonomia, feminismoa, kultur-kirola-aisia arloak eta migrazioa.

EH Bildurentzat ezinbestekoa da udal aurrekontuan eta baliabideetan egin behar den egokitzapenean egoera zaurgarrienean dauden herritarrei laguntzak bermatzea eta herri ekonomiaren hainbat sektore babestea. Era berean, beste hainbat egoera ere aztertzea beharrezkoa ikusten dute; besteak beste, eraso matxistak ea areagotu diren ikertzea, konfinamendu egoeran, herriko kultur eta kirol eragileen etorkizuna ezagutzeko haiekin harremanetan jartzea, Tolosan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpainak egitea, mikrokredituak eskaintzea autonomo eta enpresa txikiei, edota etxebizitza hutsen plana egora berrira egokitzea.

EH Bilduk egin duen proposamen osoa ezagutu nahi duenak eskura du tolosa.ehbildu.eus webgunean.