- Pasa den larunbateko azokaren balorazioa egin du Tolosako Udalak parte hartu zuten ekoizle eta baserritarrekin eta berrantolatu egin dute azoka biharko. Horrela, normalean izan ohi diren hiru salmenta guneen arabera egingo da postuen banaketa, hau da, larunbatero Zerkausian egoten diren ekoizleak leku berean mantenduko dira; eta Beotibarren kokatuko dira Berdura plaza eta Euskal Herria plazako azokagileak.

Salmenta-gune bakoitzean segurtasun tarteak mantendu behar direnez, 16 mahai jarriko dira Zerkausian eta hamar Beotibarren. Hortaz, ekoizle guztiei parte hartzeko aukera ematearren, errotazio sistema bat abiatuko da. Astez aste txandatuz joango dira, eta zerrenda eguneratua astean zehar emango da ezagutzera.

Aipatu, larunbat honetatik aurrera, landareak ere eskuragai izango direla Beotibar pilotalekuan, Iguategi eta Montes mintegien eskutik.

Normaltasunera itzuli bitartean, ezohiko antolaketa mantenduko du Tolosako azokak baina segurtasun eta prebentzio neurriak ere. Bihar ere segurtasun eta osasun-neurriak mantenduko dira: banakako erosketa, distantziak edota eskularru eta norbere babeserako maskaren erabilera.

Gogoratu dute, era berean, etxez etxeko banaketa zerbitzua ere abian dela.