zaldunita Tolosarrek ere ederki gozatu zuten atzo. Egun osoan iragarrita zeuden ekitaldi guztietan jende mordoa bildu zen eguraldi onari esker. Danbor hotsak izan ziren nagusi; makilak astindu zituzten haur nahiz helduek eta oso jendetsuak izan ziren desfileak. Gaur, aldiz, Zaldunita eguna da Tolosan eta kalera aterako dira mozorroak, karrozak eta konpartsak.

Erraldoi eta buruhandiak, musika eskolak ikasleek eta Udaberri taldeko dantzari txikiek alaitu zituzten goizean kaleak. Arratsaldean atera zen Aiz Orratz-Veleta elkarteak antolatzen duen haur danborrada. Alai eta koloretsu egin zuten ibilbidea danbor-jole txikiek. Ondoren iritsi zen helduen txanda, aurten, gainera, berezitasun batekin. Berazubiko danborradak 25. urteurrena bete zuen eta hori ez ospatzeko aitzakiarik ez zegoen.

Gaur, Zaldunita

Egitaraua

Karrozak eta konpartsak kalera

Gaur, berriz, dianak iratzarriko ditu tolosarrak 8.00etan, Zaldunita, Inauterietako egun handia, gogotsu hasteko. Karrozak eta konpartsak 11.00etan aterako dira eta umorea herriko txoko guztietara zabalduko dute. Eguzki beteko eguraldia espero da eta tolosarrak irrikaz daude egunari hasiera emateko. Lehiaketa ofizialean 80 karroza eta konpartsek izena eman dute eta adi egon beharko dute aurten Tolosako Udalak hartu dituen neurriei. Musika ekipoek mugatzileak izango dituzte eta soinu muga 90 dezibeliotan egongo da. Helburua da elkarbizitza sustatzea eta gehiegizko zaratari aurre egitea.

Egitarauari dagokionez, 11.00etan sokamuturra ere izango da plaza Berrian, Kabila txarangak alaituta. Arratsaldean, 15.45ean, udal txistulari bandak Idiarena pieza joaz egingo du ohiko ibilbidea eta 16.00etan kalejira izango da Alcoyano, Veleta-Aiz Orratz eta Urdiña Txiki txarangekin. Zezen emanaldiaren ondoren ohiko kalejira izango da. Arratsaldean, 19.00etan, Laket taldearekin kontzertua izango da eta Berdura plazan, ordu berean, dan-tzadia txarangekin. Iluntzean, 22.30ean, txosnagunean Bake faltsua eta DJ Jotatxok alaituko dute gaua eta 23.30etik 1.30era Kalean eta Oriako Txaranga kalez kale ibiliko dira.