Tolosa - Eskualdeko ikuspegi integrala duen instituzio publiko baten alde agertu da Tolosaldeko EH Bildu. "Askotariko ezaugarriak eta izaera dituzten 28 herrik osatzen dute Tolosaldea eta eskualde bizi, kohesionatu eta orekatua lortzeko beharrezkoa ikusten dugu eskualde mailako erakunde publikoa garatzea legealdi honetan", azaldu du, koalizio abertzalearen izenean, Lore Agirrek.

Ehun hautetsi baino gehiago ditu EH Bilduk Tolosaldean eta epe motz, ertain eta luzera ezarritako erronkei aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa dela uste dute. "Eskualdeko herri guztien parte-hartzea eta horien koordinazioa bermatzeko aukera emango duten markoak beharrezkoak dira", gaineratu du Agirrek.

2019-2023 legealdira begira, berriz, eskualdean hainbat erronka ditu EH Bilduk Tolosalderako. Osasungintza arloan, beharrak aztertu eta konponbideak bilatuko dituzte. Asuncion klinika publiko bihurtzea zein ospitale publiko berri bat eraikitzea, bi aukerak ontzat jotzen ditu EH Bilduk. "Beti ere, eskualdeko herritarrak erabakiaren parte izango direla bermatu behar da, hori ezinbesteko baldintza da", argudiatu du Amaia Azkuek.

Gizarte zerbitzuen arloari dagokionez, "egungo antolaketak ez die herritarren beharrei erantzuten" EH Bilduren iritziz. Ondorioz, Azkuek ezinbestekotzat jo zuen "eskualdeko herritarren beharrak aintzat hartuko dituen egitura berri bat".

Garapen ekonomikoaren alde aurrerapausoak emateko konpromisoa agertu du EH Bilduk, landa garapena eta tokiko garapena landuz. Horretarako, elikadura burujabetzara bidean pausoak emango dituzte eta landa eremuan belaunaldi arteko erreleboa bermatuko da. "Herri txikietako ostatuen kudeaketan, merkataritza txikian edota lehen sektorean eragiten ahaleginduko gara", esan dute. Horrez gain, burujabetza sustatu asmo dute teknologiaren eta industriaren arloan ere: "Tolosaldea Garatzen indartzea eta Apattako bigarren faseari eustea dira gure helburuak".

Jasangarritasuna izango da beste erronketako bat. Klima larrialdiaren egoerari aurre egiteko energia burujabetzari eskainiko dio EH Bilduk arreta. Energia berriztagarrien aldeko neurriak hartuko dira, esaterako, biomasaren erabilera eta eguzki plaken ezarpena bultzatuz; arreta eskainiko zaio garraio publikoari eta mugikortasunari; eta birziklatzen dutenen aldeko fiskalitatea landuko dute.

Euskara izango da beste erronketako bat eta EH Bilduk "estrategikoa" deritzo TEM Tolosaldeako Euskararen Mahaiaren prozesuari.

Azkenik, bizikidetzari dagokionez, Azkuek adierazi du EH Bilduk "errepresaliatu politikoen eskubideen bermea eta alde orotako biktimen erreparazioa" sustatuko duela. Memoria historikoaren lanketa ere "ikuspegi integralarekin" jorratuko dute.