Larraul - Larraulgo herritarrek 2020ko ekitaldiko udal inbertsioen zati bat bozkatu dezaten, Udalak partaidetzako aurrekontuak deitu ditu. Horretarako, udal gobernuak 6.000 euroko partida prestatu, herritarrek aukeratzen dituzten proposamenetarako.

Parte-hartze prozesu honen helburua da bizilagunak udalerriaren erabakietan parte hartzera bultzatzea, bizi-kalitatea hobetzeko ekimenen bidez. Horrela azaldu du Maite Arana alkateak: "Udal-kudeaketa herritarrengana hurbiltzen dugu, eta haien ahotsa entzuten dugu. Gutun bat bidali diugu herriko etxe guztiei, herritarrek parte hartzeko lehen aurrekontu horietan nola parte hartu behar duten jakin dezaten".

Udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute prozesu horretan otsailaren 11ra arte. Proposamenak honako hauek izan beharko dute: interes publikokoak, udal-eskumenekoak, 2020ko ekitaldian gauzatu ahal izango dira, ezingo dute 6.000 euroko gastua gainditu eta ez dute hurrengo aurrekontuetan eraginik izango, eta baztertu egingo dira iraingarriak diren edo oinarrizko eskubideen aurkakoak diren proposamen guztiak. Gainera, Udalaren bideragarritasun tekniko eta juridikoaren azterlana gainditu beharko dute.

Proposamenak hautatu ondoren, jendaurrean jarriko dira iragarki oholean eta Larraulgo Udalaren web orrian, eta bozketa prozesua irekiko da, gehienez ere hiru proposamen egiteko. Botoa aurrez aurrekoa izango da eta behar bezala identifikatu beharko da legezko agiri baten bidez. Zazpi egunez bozkatu ahal izango da eta prozesuaz informatuko da Udalaren iragarki oholean eta web orrian. - M.S.S.