Tolosa - Ane Iturria etorkizun handiko kirolaria da. Hala ere, tolosarrak mendiaz gozatzen jarraitzea du helburu eta bere zaletasuna hasi berriak dituen Erizaintza ikasketekin batera-tzea. Aske sentitzen da maldan gora, naturarekin bat eginez, eta paisaiaz disfrutatuz. Oso pozik dago Tolosako Udalak pasa den astean egindako Kirol Galan kirolari hoberena bezala izendatu duelako. "Tolosan kirolari asko dago eta ez nuen espero txapela niretzat izango zenik", onartu du.

Ehunka kirolari eta kirol talde... eta txapela zuretzat izan zen Kirol Galan, zer suposatzen du zuretzat izendapen honek?

-Sorpresa handia izan zen eta poz handia hartu nuen. Kirol asko prak-tikatzen da Tolosan eta kirolari pila dago... Asko eskertzen dut txapela.

Nola hasi zinen mendian?

-Familian beti ibili gara Pirinioetako mendietan eta hemen inguruan ere bai. Aita mendi lasterketetan ibilia da gaztetan eta beti joaten ginen bera animatzera. Etxean bizi izan dugu zaletasuna ahizpak eta biok.

Eta noiz egin zenuen lasterketetan parte hartzeko saltoa?

-Duela lau urte, hamalau urte nituela, XIV. Orduko Ibilaldia egin nuen aitarekin eta orduan hasi nintzen mendian korrika. Aitarekin lasterketa misto batzuk egin nituen eta Zegama-Aizkorri junior lasteketa irabazi nuen. Hiru urtetan egin dut lasterketa hau.

Lorpenik handiena pasa den udan izan zenuen, zure mailan munduko txapeldunorde izan zinen Italian.

-Bai, Espainiako selekzioarekin joan nintzen jubenil mailako mendi lasterketetako munduko txapelketan parte hartzera. Laugarren egin nuen Gran Sasso mendiko kilometro bertikalean eta bigarren postuan lortu nuen mendi lasterketan. Esperientzia oso polita izan zen. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut; txinatarrak, errusiarrak, japoniarrak, amerikarrak, australiarrak... mundu osoan ibiltzen da jendean mendian.

Zein txapelketa dituzu gustukoen?

-Axeri Trail oso gustuko dut eta Anbotoko Bertikala ere bai. Aurten Tolosako T2T edo T3T lasterketan ere parte hartzeko asmoa dut aurten.

Zer ematen dizu mendiak?

-Askatasuna sentitzen dut, aske sentitzen naiz. Askotan esaten dut, eta nire inguruan denak dakite, Heidi bezala sentitzen naizela mendian...

Zergatik sentitzen zara identifikatuta pertsonaia horrekin?

-Txikitan telebistan ikusten nuen telesaila eta izugarri gustatzen zitzaidan, mendian bizi zelako. Ez dakit zergatik, baina betidanik berarekin identifikatuta sentitu naiz...

Nola moldatzen dituzu entrenamenduak?

-Astean zehar bakarrik ibiltzen naiz eta asteburuan aitarekin, ahizparekin eta Koko txakurrarekin joaten naiz mendira. Ikasi aurretik entrenatu egiten dut, lasaiago egoten naizelako.

Zure kabuz entrenatzen duzu edo entrenatzailea duzu?

-Orain Jokin Lizeaga entrenatzailearekin aritzen naiz eta oso gustura nabil. Lehen nire kabuz entrenatzen nuen eta lesio bat ere izan nuen mendian bakarrik ibiltzen nintzelako. Orain denetik egiten dut, mendiko bizikletan ere ibiltzen naiz eta gimnasioan ere bai. Tolosan nagoenean Erroizpe edo Uzturrera joaten naiz normalean. Uzturre asko gustatzen zait, gainera orain dela gutxi aita eta ahizparekin bide berri bat aurkitu dugu...

Beste afiziorik ba al duzu?

-Txikitatik balleta egin dut, bost urtetatik hamalau urtera arte. Konturatu nintzen, ordea, mendia askoz gehiago gustatzen zaidala, txispa gehiago ematen didalako. Egia esan, gauza asko egin ditut; ikastolako koruan ibilia naiz, atletismoa ere probatu nuen urtebetez... Orain trabesiako edo mendiko eskia ere praktikatzen hasi naiz, baina zailagoa egiten zait ikasketekin bateratzea, izan ere elurra bi ordutara dugu eta asteburuetan ahal dudanean joaten naiz.

Hemendik aurrera zer egin nahi duzu?

-Aurten Espainiako txapelketan parte hartzeko asmoa daukat. Familian furgonetan joaten gara txapelketetara, gurasoak, ahizpa eta ni. Ez dakit etorkizunean zer egingo dudan, baina nahiz eta ez lehiatu, beti ibiliko naiz mendian. Kirol honekin disfrutatzen jarraitu nahi dut eta oraingoz aurrera segitzeko ilusioz nago.