Villabona - Villabonako Zubimusu ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen Kilometroak jaia dela eta. Ekintza horietako bat igande honetan, hilak 26, egingo den Kilometroak txikia jaia izango da, eskualdea girotzen hasteko.

Egun horretan, Villabona, Amasa eta Zizurkilgo hiru gunetan elkartuko dira ikastola osatzen duten kideak, eta haur, gazte eta helduek elkartuta talde bana osatuko dute gune bakoitzean. Beraz, hiru abiapuntu eta hiru talde osatuko dituzte.

Hiru guneetako taldeek, musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dute guztiek, elkarrekin auzolanean, Zizurkilen egingo den ekitaldian.

Bideetan, ordea, arrastoa utzi nahi dute, eta hiru taldeek horma-irudi bana inauguratuko dute ibilbidean, urriko jaiaren iragarle.

Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako Errebote plazara hurbilduko dira denak. Abenduan pintxo-tertulia antolatu zuten aitona-amonekin, eta umetan zertan jolasten ziren kontatu zieten. Hain zuzen ere, jolas horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibiliko dira denak, ume, gazte, heldu, guztiak elkarrekin, aitona-amonen jakintza herritar denekin parteka-tzeko.

Lepokoak salgai Ekimen hau osa-tzeko, Kilometroak 20 jaiaren lepoko zapiak jarri dira salgai hiru euroren truke. Altzin auzoko 3. zenbakian dagoen Kilometroak dendan eskuratu daitezke. Bertan eros daiteke jaiaren material guztia (nikiak, kirol-jertseak, zirak, txubaskeroak, biserak, buffak, botilak, aterkiak, askari-zorroak edota giltzatakoak).

Igandean lepokoak jantzita ibiliko dira, eta hortik aurrera, etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatzeko gonbidapena egin dute, herria apaintzeko eta Gipuzkoako ikastolen hurrengo jaia Zubimusu ikastolak antolatuko duela lau haizetara zabaltzeko. - M.S.S.