- Herri Arte Eskolak kale presentzia handitu, herria girotu eta ikasleei gozatzeko ikasketa testuinguru bat gehiago eskaini nahi die. Horretarako, ikasturtea amaitu bitartean, musika herrikoi edo tradizionaletan ardazturiko kalebueltak eta zenbait kontzertu burutuko ditu Errenterian.

Musika eskolatik jakitera eman dutenez, ikasturte honetako alboka eta dultzaina eskaintza berriak aukera honetarako egokiera indartu du. Era honetan, alboka eta dultzainaz gain, udal txistularien diana eta ikasleen trikitixa, txistu eta txalaparta taldeen eskutik herriko auzo eta kale ezberdinak alaituko dira.

Honenbestez, otsailean albokariak aterako dira lehenik, eta azken egunetan udal txistulari eta euskal dan-tzako ikasleen eskutik herriak inauteri kutsu erabatekoa izango du.

Martxoaren 6an alboka kontzertua eskainiko da Olaskoaga plazan, txalaparta eta dantza urbano eta garaikideko ikasleen laguntzaz; martxoaren 20an trikitixa kalebuelta egingo da; martxoaren 25ean dultzaina eta trikitixa kontzertua eta 27an txistu ikasleen txanda izango da. Aurreragoko datak sare sozialen bidez iragarriko dira.

Kontzertuetan, gainera, beste instrumentu eta arte adierazpideetako ikasle gonbidatuak ere arituko dira. Ekimen honetaz gain, herriko beste hainbat eragilek antolaturiko ospakizunetan parte hartuko dute.