- Koldo Mitxelena Ikerketa Beka erabaki dute. Errenterian esleitzen dira eta aurtengo 15. deialdia da. Zortzi lan aurkeztu ziren, eta Itsaso Larramendik (zuzendaria), Ane Abarrateguik eta Maddi Texeirok osatzen duten ikerketa taldeari eman zaio. Lanaren izena: Eguneroko bizitza eta harreman komunitarien garapena. Errenteriako industralizazio garaiko etxebizitza auzoetan.

Izan ere, oraingo honetan, 2020. urtean hiribildua eratu zeneko 700. urteurrena betetzean eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenari keinu bat eginez, aurkeztutako lanek arkitekturarekin edo hirigintzarekin zerikusia izan behar zuten eta euskara hutsean egin behar ziren.

Zenbateko ekonomikoaren gehikuntzak bere horretan jarraituko du, 15.000 eurokoa baita, eta behin betiko lana aurkezteko gehieneko epea 18 hilabetekoa izango da.

Bestalde, Errenteriako Udalak bigarren aldiz Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntza izan du beka antolatzeko.

Epaimahaia Iñaki Queralt artxiboko eta argitalpenetako zinegotziak eta ULA Iruretagoiena, Saioa Zuazubiskarrek eta Jone Miner Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kideek osatu zuten, eta Leonor Garcia artxiboko udal teknikaria izan zen idazkaria.

Era berean, abenduaren 1ean, urtero Euskararen Egunaren bueltan antolatzen diren ekintzen artean, Bilduma aldizkariaren azken alea aurkeztuko da. Aurten 14. edizioko irabazlearen lana, Zeinek esango zigun... Errenteriako helduen alfabetatze-euskalduntze prozesua 1960-1980 hamarkaden artean bizi zutenen diskurtsoen azterketatik argitaratuko da. Egilea Beatriz Gallego Muñoz da. Lana osatzeko, dei egiten zaie garai hartako argazkiak edo materiala duten pertsonei udal artxibora hurbil daitezen.