- Oiartzungo turismo bulegoak balorazio ona egin du aurtengo Aste Santuaren inguruan, jai egunetan Fermiñene etxean kokatutako bulegotik 2019an baino bisitari gehiago pasa baitziren. Gogoratu beharra dago, 2020an Aste Santuan ez zela turismo bulegoa ireki, covid-19ak eragindako etxeratzea zela eta.

Nahiz eta jai egunetako datuak positiboak izan, bigarren astean Oiartzun eremu gorrian sartu izanak eragin zuzena izan zuen bisitarien kopuruan, herriak itxiera perimetrala errespetatu behar zuelako.

Covid-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bisitariek bakarrik etorri ahal izan zuten Oiar-tzunera. Horien artean, ia erdiak (%49,4) bizkaitarrak izan ziren.

Bisitariek gehien eskatu zutena herriko planoa izan zen eta herrian zer ikusi galdetu zuten. Batez ere, mendiko turismoak erakarrita etorri omen ziren herrira. Otorduetan, ostalaritzako establezimenduen okupazioa ere positiboa izan zen.

Esan bezala, bigarren astean, aldiz, bisitarien kopurua asko gutxitu zen. Izan ere, Oiartzun covid-19aren eremu gorrian sartu zen pasa den asteartean eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren araudia jarraituz, itxiera perimetralean dago.

Ondorioz, besteak beste, aurreko larunbaterako antolatua zegoen Arditurriko Tren Berdea bertan behera geratu zen.

Atzo Eusko Jaurlaritzak 400 kasu 100.000 biztanleko herrien zerrenda atera zuen eta Oiartzun gorrian jarraitzen duela aipatu zuen. Beraz, beste astebetez, gutxienez, itxiera perimetralean egongo da.

Turismoari dagokionez, aurreran-tzean, apirileko eta maiatzeko asteazkenetan San Esteban eliza ezagutzeko bisita gidatuekin jarraituko dute. Joxe Mari Mitxelena arduratuko da azalpenak emateaz.

Ekintza hau doakoa da, baina aldez aurretik tokia erreserbatzea derrigorrezkoa izango da aforo kontuengatik, turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita edo 943 494 521 telefonora deituta.