Lezok 20.000 kilo biohondakin konpostatu ditu 2020an

Aurtengo helburuak konpostagailuen erabilera ona bermatzea eta azaroak konpontzea dira

11.02.2021 | 00:41
Aralarko konpostagunea, iaz berritua. Argazkia: N.G.

Lezo Lezoko 176 konposta kideek 20.000 kilo organiko inguru konpostatu zituzten iaz, auzokonpostaren bidez kudeatzen den materia organiko kopurua nabarmena izaten jarraitzen duelarik. Ez da antzeman, beraz, 2019 urtearekin alderatuta, etxebizitza erabiltzaile kopuruak jaitsiera txiki bat izan duenik, 67tik 65era.

Horri jarraiki, Udalak erabiltzaileei urte osoan zehar erakutsitako arduragatik eta materia organikoa birziklatzeagatik eta, noski, ingurumenarekiko duten konpromisoagatik eskerrak ematen dizkie.

Zoritxarrez, egungo osasun egoeraren eraginez bertan behera utzi behar izan da urteroko amaiera edota balorazio bilera, urteko datuak eta emaitzak erabiltzaileekin parteka-tzeko. Horregatik, balorazio txostena udal webgunean egongo da ikusgai, ondorengo estekan: https://www.lezo.eus/eu/hondakinak/konposta/auzokonposta.

2021ean, halaber, konpostagailuen erabilera ona bermatzea edota identifikatutako arazoei irtenbidea ematea da helburua eta horretarako, 2020ko bisiten maiztasunari helduta, zortzi jarraipen egingo dira urtean zehar: otsailean, apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan, urrian eta abenduan.

Bisita horiek hileko azken asteazkenean burutuko dira, abuztukoa eta abendukoa izan ezik; edozein kasutan, egutegian ala ordutegian edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko da.

Bisitak, orain arte bezala goizeko 9.00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Jarraipen saioek 45 minutu inguru iraungo dute eta erabiltzaileentzat ez ezik, herritar ororentzat irekiak izango dira. Jarraipen bisiten helburua da herriko auzo-konpostaren egoera eta bilakaera konprobatzea. 2020an aurreko urtean baino bi bisita gehiago egin ziren. Informazio gehigarria jaso edota zalantzak argitzeko, hauek dira komunikazio bide zuzenak: auzokonpostalezo@gmail.com helbide elektronikoa eta 647 057 402 WhatsApp zenbakia.