- Herritarrek eskualdeko ikastetxe publikoen hezkuntza eskaintza ezagutzeko deia zabaldu du Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak, ikastetxeetako guraso elkarteek osatuak. Aurten urtarrilaren 18an hasiko da matrikulazio kanpaina.

Eskualdeko ikastetxeek azaldu dutenez, "hezkuntza publikoaren aukera oso zabala da Oarsoaldean, haurreskoletatik hasi eta Lanbide Heziketaraino, eta sare hori osatzen dugun ikastetxe guztiek kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugu".

Gaineratu dutenez, metodologia berritzaileak erabiltzen dituzte eta ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzen dute. "Errealitatearen aniztasunari erantzuten diogu, inor atzean ez uzteko", azpimarratu dute.

Izan ere, "herri eta auzoetako ikastetxeak direla defendatzen dute, "hurbilekoak, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, baina munduari irekita eta desberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituta lan egiten dutenak, gaur egungo gizartearen beharrei erantzunez". "Gure herrietako kohesiorako ezinbesteko haziak dira gure ikastetxeak", argudiatu dute.

"Hezkuntza komunitate aberatsak ditugu, ikasle, irakasle, langile eta familiek osatuak, eta guztien parte hartzea bermatuta dago, hainbat organoren bitartez", laburbildu dute.

2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio epea hastear denez, Lezoko, Oiartzungo eta Errenteriako ikastetxeek eta Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak deialdi hau zabaldu dute.