- Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 16an, inguruan bizi diren hegazti harrapari bi hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko da Oiartzungo Arditurri parketxean. Izan ere, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako zapelatz bat eta beste miru gorri bat askatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainen eskutik. Igeldoko Arrano Etxearen zeregin nagusia zauritutako animaliak osatzea da, aurrerago, beren natur ingurunera itzul daitezen.

Askatu aurretik, hegazti hauen bizitzari buruzko hainbat azalpen emango dira eta baita Arrano Etxean eta basozainek egiten duten lanaren ingurukoak ere. Ekintza hau euskaraz izango da.

Gipuzkoako Parketxe Saretik antolaturiko jarduera honen hi-tzordua 11.30ean izango da eta 45 minutu inguruko iraupena izango du. Adin guztientzako herritarrei zuzendua dago, eta prezioa pertsonako hiru eurokoa izango da.

Taldeak partaide-kopuru mugatua izango du eta nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea 943 495 069 edo 688 895 068 telefono zenbakietan.

COVID-19 osasun-prebentziorako neurriak hartuko dira. Musukoa (maskarilla) jarrita eduki beharko da eta segurtasun-distantzia mantenduko da.