- Lezoko ostalariek datozen egunetan jasoko dute Udalak herriko ostalaritzari zuzendutako laguntzen dirua abenduaren 30ean ordaintzeko agindua eman ondoren.

Guztira 28 eskaera jaso ditu Udalak eta denak izan dira onartuak. Horrenbestez, 28 ostalaritza negozio izango dira Udalak abenduaren hasieran martxan jarritako diru-laguntza lerroaren onuradunak. Horiek 1.000 euroko laguntza jasoko dute (itzuli beharrik gabekoak), azaroan zein abenduaren hasieran COVID-19ak eragindako jatetxe zein tabernen itxieraren kalte-ordain gisa. Laguntza horien bitartez, Udalak esku bat bota nahi izan die herriko ostalariei, pandemiak gogor kolpatu baitu ostalaritzaren sektorea. Horri jarraiki, Udalaren nahia da COVID-19a aipatu negozio jabeei eragiten ari den kalte ekonomikoa arintzea.

Horrekin batera, Udalak merkatari eta ostalariek COVID-19ari aurre egiteko gauzaturiko inbertsioak arintzeko laguntza lerroak ere jarri zituen martxan. Laguntza lerro honek segurtasun eta osasunaren irizpideak eta protokoloak betetze aldera, merkataritza edo ostalaritza lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua eta bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatze aldera, laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak jasotzen ditu.

Kasu honetan bost eskaera jaso eta onartu ditu Udalak eta hauek ere datozen egunetan jasoko dute dagokien dirulaguntza.