Ekintza sorta Leteren omenez

19.11.2020 | 01:28

Oiartzun – Oiartzunen ekimen sorta antolatu da Xabier Lete poeta eta kantari oiartzuarraren omenez, bere heriotzaren hamargarren urteurrena beteko baita abenduaren 4an. Udalak, Ondare Mahaiak, Hitzen Lihoak eta Azmarrinek antolatu dituzte ekin-tzak, bihar hasi eta abenduaren 17ra arte luzatuko direnak.

Honela, bihar 18.30ean udaletxean, Mugarri liburuaren aurkezpena izango da. Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik osatu duten lanak Xabier Leteren alde ezezagunenetako bat argitara ekartzea izan du helburu: haren kazetaritza eta prosako lanak. Liburu aurkezpenera joateko aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 494 125 telefonoan.

Datorren astean, ekimenak areagotuko dira. Izan ere abenduaren 2an Xabier Lete ttiki liburuaren aurkezpena (egunean zehar) eta Leteren oihartzuna mahai-ingurua (19.00) burutuko dira, biak udaletxeko areto nagusian.

Abenduaren 4an, Xabier Lete XXXIII. Prosa eta Poesia lehiaketako sariak banatuko dira (San Esteban elizan, 17.00etan).

Abenduaren 4tik 6ra, Xabier Leteri buruzko ikus-entzunezkoen emanaldiak egongo dira Arizmendi-enean (11.00-13.00 eta 17.00-20.00).

Abenduaren 5ean, Xabier Leteren barrena ibilbide biografikoa (Landetxe plazatik, 10.00etan) eta Xabier Leteren omenezko ekitaldi instituzionala (Arizmendi-enean, 12.00etan) antolatu dira.

Amaitzeko, hilaren 13an, Loreak eta zauriak emanaldia (Elorsoro kiroldegian, 18.00) ikusteko aukera egongo da. Disziplina desberdinak uztartzen dituen ikuskizunerako sarrerak Urrats paper-dendan daude salgai, hamar euroren truke.