- 2020rako konposta guneetako bisiten egutegia jarraituz, bihar Lezon jarraipen bisitak egingo dira. Ohi bezala, bisitaldi horiek 9.00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

Dena den, COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera kontutan hartuta, oinarrizko segurtasun neurri zein arauak jarraituz, bisitak publikorik gabe egingo dira; horrenbestez, erabiltzaileei guneetara ez bertaratzeko eskatu zaie. Aldi berean, Aralar guneko berregituraketa, momentuz, bertan behera utzi dela jakinarazi dute.

Era berean, etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute Udaletik, betiere beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horien baitan gune batean bi erabiltzaile baino gehiago ez elkartzea edota segurtasun distantziak mantentzea gomendatzen da, baita hondakin organikoak konpostagailura sartu ondoren, nahasterako garaian (ohitura izanez gero) maskara edota eskularruak erabiltzea ere.

Lezoko Udaletik jakitera eman dutenez, momentuz ez dago COVID-19a sortzen duen birusa konpost bidez transmititu daitekeen inolako adierazlerik. Izan ere, konpost guneak ondo zaintzea onuragarria da, konpostagailuek baldintza onetan lor ditzaketen tenperaturak funtzio higieniko argia baitu: birus zein bakteriak desagerraraztea, alegia, kalitatezko konposta lortuz. Horretarako, baina, ahalik eta tenperatura altuenak lortu behar dira.

Gauzak horrela, datozen bost bisitek hileroko maiztasuna izango dute, urteko hilabete beroenetan lezoarren konpostagailuetan emaitza onak lortzen laguntzeko. Horrela, apirilean egindako bisitaren ostean, hurrengoak maiatzean, ekainean, uztailean eta irailaren hasieran burutuko dira.