- Ikastetxeen eta kirol ekipamenduen itxierarekin, haurren jarduera fisikoa asko murriztu da egunotan. Horregatik, Oarsoaldeko Eskola Kirola teknikariak eta Kirolaisi XX enpresak Eskola Kirola Etxean Erronka egitasmoa martxan jarri dute.

Hezitzaileek jarduera fisikoan oinarritzen den bideoak grabatuko dituzte eta Kirolaisikoek bideoa jaso ondoren, bilduma osatuko dute. Bideo hauek ikastetxeek gurasoekin komunikatzeko erabiltzen dituzten plataformen bidez elkarbanatuko dira. Helburu nagusia ariketa horiek familia osoak egitea izango da eta nahi dutenek une horiek grabatzea. Hala egiten dutenek, #eskolakirolaetxean eta #oarsoaldeakoeskolakirola traolak erabiliz, sare sozialetan jarriko dituzte.

Baina gainontzeko herritarrek ere egin ditzakete erronka dibertigarri hauek, zenbait bideo dagoeneko YouTube kanalean jarri baitituzte.

Lehenengo ariketan parte-hartzaileek komuneko papereko biribilkari batekin duten trebezia erakutsi behar dute. Biribilkaria oin batean jarriz, mugimendu bakar batekin sorbaldaraino eraman beharko dute.

Bigarren erronka batean, tenis pilota bat aulkiekin osatutako pasabide estu batetik pasa behar dute. Hori bai, pilota gerrian zintzilikatutako gerriko batekin kolpatu beharko da. Gerriko hori sortzeko laranja bat edo fruta pisutsu bat eta leotardo edo panty batzuk behar dira. Fruta leotardoen hanka batean sartu behar da eta beste hanka gerrian lotuko da.

Datozen egunetan bideo gehiago egingo dituzte.