- Eusko Jaurlaritzak atzo COVID-19 eteteko egindako gomendioak jarraituz, Usurbilgo udal Gobernuak Emakumeen Etxearen proiektuaren nondik norakoen berri emateko bihar eguerdian Sutegin aurreikusita zegoen bilera atzeratzea erabaki du. Aurrerago abisatuko du zein egunetan egingo den batzarra.

Aditzera eman dutenez, apirilean parte-hartze prozesu bat abiatuko da, Elhuyarrek gidatuta, ekipamendu estrategiko horren egitasmoak zein ezaugarri edukiko dituen zehazteko: helburuak, filosofia, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, fun-tzionamendua, kudeaketa, eta abar.

Gai horiek guztiak bost saiotan lantzea aurreikusi dute. Gaian interesa duten herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu udal Gobernuak, batez ere emakumeak, maila pertsonalean zein taldeen ordezkari gisa. Elhuyarrekin eta Berdintasun teknikariarekin eta zinegotziarekin batera, parte-hartzaileak izango dira proiektuaren zehaztapenak egin eta ezaugarriak definituko dituztenak.

Prozesua abiatzean, inguruko herrietako emakumeen etxeen ordezkariak gonbidatzeko aukera aztertuko dute, euren esperientziaren berri izan, eta, horrela, ikaspenak jaso ahal izateko.

Pelaioenea proposatu du Gobernuak Emakumeen Etxearen egoitza izateko. Eraikina birgaitzen ari dira gaur egun: teilatua eta fatxada konpontzeko bidean da. Barrutik berritu eta egituratzeko, ordea, eraikinaren erabiltzaile izango direnekin hartu-emanak izango ditu, haien beharren araberakoa izan dadin. Elhuyarrekin egingo duten parte-hartze prozesuan landu beharreko gaietako bat izango da, hain zuzen.

Esan bezala, Pelaioenea Emakumeen Etxearen egoitza izan dadin nahi du Gobernuak, baina, horrez gain, beste behar batzuk ere ase di-tzakeelakoan dago. "Edozein modutan, hori herriko emakumeekin nahiz auzotarrekin aztertzeko gaia da", esan dute. Horretarako, emakumeekin egin beharreko prozesuaz gain, auzotarrekin hainbat bilera egitea aurreikusi da, auzoaren beharrak jaso eta haiei bide nola eman aztertzeko.