Errenteria - Oarsoirriak taldeak, Errenteriako inauterietarako herritarrek hautatu duten gaiarekin bat eginez, Oarsoirriak Jolasen Musikala ekimena antolatu du eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die errenteriar guztiei. Otsailaren 22an izango da hori.

Honen arabera, familiek musikaz beteriko ibilbide batean parte har-tzeko aukera izango dute. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte eta taldeka koreografiak dantzatuko dituzte.

Konkretuki ibilbidea honakoa izango da: Merkatuzar plaza, Foru Plaza (geldialdia), Biteri, Xabier Olaskoaga plaza (geldialdia), Morrongilleta, Koldo Mitxelena plaza (geldialdia), Maria de Lezo, Madalen kalea, Herriko plaza (geldialdia) Zumardia (geldialdia). Ibilbidean zehar musika eta dantza izango dira.

Familiak 12.00etan irtengo dira Merkatuzarreko plazatik eta 13.00ak aldera iritsiko dira Zumardira, non Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Mozorro zomorro kantarekin osatutako dantza kolektibo berezi bat ere eskainiko duten.

Entseguak Dantza kolektiboa ikasteko entseguak, datorren larunbatean eta otsailaren 15ean izango dira, 17.00etan, Merkatuzarren. Bideo bat ere grabatu dute, interesdunek etxean ere dantza ikasteko aukera izan dezaten.

Informazio gehiago behar duenak oarsoirriak@gmail.com helbidera idatz dezake. - A.M.