Ereintzak Santa Ageda koplak abestuko ditu

Lekuona kultur etxea eta Errenteriaren 700. urteurrena izango dira gaiak gaur arratsaldeko saioan

04.02.2020 | 06:26

Errenteria - Aspaldiko ohiturei jarraiki, urtero bezala, gaur Santa Ageda eguneko bezpera denez, Ereintzako abestalde herrikoiak ohiko koplak kantatuko ditu Errenteriako kale, plaza eta tabernetan zehar.

Aurten, Lekuona kultur etxeari eta hiribilduaren zazpigarren mendeurrenari eskainitako koplaz gain, Xabier Obeso herritarrari, berariaz eta esker onez, prestatutako bertsoak kantatuko zaizkio.

Ibilbidea 18.50ean hasiko da Foru Plazan eta 20.45ean kontzejupean amaituko da.

Gaurko saioan, Ereintzako txistulariekin eta Doike taldeko soinujoleekin batera, zuzendari lanetan Xabier Vesga arituko da. Koplari gisa Amaia Agirre bertsolaria. Bertsoak Mikel Ugaldek, Julian Albisturrek eta Sabin Irastorzak prestatu dituzte. - A.M.