Errenteria - Errenteriako hiru ikastetxe publikoek; hau da, Bizarain ikastolak, Cristobal Gamon ikastetxeak eta Koldo Mitxelena herri ikastetxeak, 2020-2021 ikasturterako ikasle berrien matrikulazio kanpaina aurkeztu dute. Kanpaina hau urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da, 2017 eta 2018 urteetan jaio diren haurrei zuzenduta.

Hau horrela izanda, datozen egunetan ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte. Honela, Cristobal Gamoni (Sorgintxulo, 6) dagokionez, bihar eta etzi izango dira 16.15etik 17.00etara eta asteazkenean, 16.30ean, familiei zuzendutako informazio bilera antolatu dute.

Koldo Mitxelenan ate irekiak hiru egunetan burutuko dira, bihar, asteartean eta ostegunean 16.45ean Markola eta Olibet eraikinetan. Ostiralean Biteriko eraikina erakutsiko dute ordu berean.

Azkenik, Bizarain ikastolak honako ate irekien jardunaldiak antolatu ditu: asteartean euskaraz eta asteazkenean gazteleraz. Bi egunetan 16.30ean izango da, Beraun Txikiko eraikinaren liburutegian (Juan Crisostomo Arriaga).

Bigarren Hezkuntzako matrikulazio kanpaina ere data berdinetan izango da, hau da, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra eta herriko eskola publikoek ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte DBHko eskaintza aurkezteko.

Izan ere, Cristobal Gamonek asteazkenean, 16.30ean, Zereginen Ikaskuntzarako Gelaren ate ireki jardunaldia burutuko du eta ostegunean ordu berean familia guztiei zuzendutakoa egingo du.

Koldo Mitxelena ikastetxeak, Beraungo eraikina urtarrilaren 29an, 18.00etan, erakutsiko du.

Amaitzeko, Bizarain ikastolak laster emango ditu jakitera bere datak web orrialdean. - A.M.