Errenteria - Iker Tolosak, Kultura teknikariak, Niessen kulturgunean atzo ziurtatu zuenez, lehenengo hiruhileko honetan antzerkiaren eta dantzaren esparruko hainbat harribitxi ikusteko aukera egongo da. "Egitarau eklektikoa, interesgarria, edukiz beteriko lanak, gaur egungo gaiei heltzen dietenak eskainiko dira", esan zuen.

Honela, urteko lehenengo astean Kukai Dantza konpainia izango da protagonista hainbat ekitaldirekin. Talde errenteriarrak hiru saio eskainiko ditu auditorioan: Gauekoak ikuskizun berria bihar eta larunbatean 20.00etan eta Oskara 2016ko saritutako lana igandean 19.00etan. "Oso pozgarria da guretzat etxean lanak aurkeztea eta gainera, gure proiektua osotasunean gizartera-tzeko aukera izango dugu", adierazi zuen Jon Maya dantzariak. "Arda-tza kulturgunean aurkeztuko ditugun lanak izanda, adin desberdinetarako tailerrak ere eskainiko ditugu (gaurtik hasita)", gaineratu zuen.

Bestalde, urtarrila amaitzeko, familiarteko publikoak Atx Teatroaren Kaskarot antzezlanaz gozatzeko aukera izango du. Hilaren 31n izango da hori, 18.00etan.

Otsailaren 9an, 19.00etan, Tanttakaren Deje su mensaje después de la señal antzezlana gaztelaniaz ikusteko parada izango da. Hilaren 28an, berriz, La Baldufa Kataluniako konpainiak Safari izenburua duen familiei zuzendutako antzezlana taularatuko du, 18.00etatik aurrera, eta euskaraz izango da.

Hiruhilekoa amaitzeko, beste bi emanaldi ekarriko ditu martxoak: El mono habitado talde gasteiztarrak umorez jantzitako ¡Ave osos! emango du hilaren 14ean 20.00etan eta Gorakadak Pinocchioren bertsio zoragarria, familiako kide guztiei zuzenduta, hilaren 20an 18.00etan.

Ion Collar Kultura zinegotziak gogoratu zuenez, Atarian ekimenari esker, urtarrilaren 11ko Gauekoak, Deje su mensaje después de la señal eta ¡Ave osos! ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera edukiko du.

Horrez gain, Collarrek herritarrak Niessenek eskainiko duen programazioaz gozatzera animatu zituen eta aurkeztutako programazio osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela gogorazi zuen.